Musika Kaxa

Altzairuzko taupadak

Erredakzioa 2025ko mai. 3a, 09:00

Eraso! taldea Azken batean azken diskoarekin ari da han eta hemen agurreko kontzertuak ematen. Oraindik, ordea, badute zer jo eta zer kontatu, 30 urteko ibilbidea ez baita makala. Horretarako, Iñigo Beitia taldeko bateria jotzailea martxoko Zarautz Guka aldizkariko Musika Kaxa ataleko poligrafoaren aurrean jarri genuen.

Osorik jo zenuen lehendabiziko abestia?

Hasieran, bidoi eta rotrin kaxa banarekin hasi nintzen, eta Metallica taldearen From whom the bell tolls jotzen genuen Nestor Urdanpilletak eta biok; gero, bateria txiki batekin, Slayerren Rainning Blood; eta Eraso!-rekin jo nuen lehen abestia, maketako Ez dakik izan zen.

Jo duzun kontzerturik bereziena?

Guretzat izugarria izan zen Bergarako Jam aretoan jo ahal izatea; handik deitzea soilik berezia izan zen. 1998ko Bilboko Elkartasun Eguneko jaialdia ere itzela izan zen: Ipar Euskal Herritik autobusa antolatu zuten, Zarautzen egin zuen geldialdia, eta guk traste guztiak han sartu, eta horrela joan ginen Bilbora. BBK Live jaialdian jotzea ere sekulakoa izan zen, baita Machine Headekin Jam aretoan eta Kornekin Bilboko zezen plazan jotzea ere.

Zuzenekoetara irten aurretik ba al duzu maniarik?

Ez bereziki. Taula gainera atera aurretik luzaketa ariketa batzuk egiten ditut, baina aparteko gauza berezirik ez. Hori bai, beti baketak eskuan izaten ditut beroketak egiterakoan.

Zure bildumako disko preziatuena zein da?

Berez, nire arrebaren bildumakoa da: Nirvanaren Nevermind biniloa. Orduan ari nintzen musika munduan murgiltzen, eta nirea balitz bezala hartu nuen disko hura. Egundoko lana izan zen! Hortik aurrera hainbat disko interesgarri etorri ziren: Panteraren Vulgar display of power, Machine Headen Burn my eyes... Paradise Lost taldearen Draconian diskoak ere eragin handia izan zuena nigan.

Aukera emango balizute, zein talderekin joko zenuke bateria?

Galdera zaila da hori. Slipknot entzuten dut, baina ez naiz gai hango bateria jotzaileak egiten duena egiteko. Beraz, nire eremura eramanda, adibidez, gustura joko nuke kontzertu bat Biffy Clyro taldearekin. Bad Religion mitikoekin jotzen ere gozatuko nuke. Bestalde, Motley Crueren kontzertu bateko backstagean egotea brutala izango litzateke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide