Arraun hitzorduz beteta dator Maiatzaren 1eko zubia. Batetik, bihar 10:00etan hasita, aulki mugikorreko Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak jokatuko dituzte Legution (Araba), eta Zarauzko gizonezko absolutuen ontzia hantxe izango da.
Bestetik, bihar bertan hasiko dira Gipuzkoako Trainerilla Liga eta Gipuzkoako Federazio Kopa Pasaian, 11:00etan, eta han ere parte hartuko dute gizonezko absolutuek. Guztira lau jardunaldi egingo dituzte. Liga eta Kopa bukatutakoan, txapelketen sasoia iritsiko da: Gipuzkoakoa, Euskadikoa eta Espainiakoa jokatuko dituzte, hurrenez hurren.
Egunotan izango da arraun hitzordu gehiago ere: larunbatean, maiatzak 3, 16:00etan Hondarribin trainerillak izango dira, baita igandean ere, 11:00tan Getarian. Arratsaldeko 17:30ean, berriz, Zumaian jokatuko da San Telmo Trainerilla Saria, eta bertan parte hartuko du emakumezkoen ontziak. Estropada hori, baina, Ligatik eta Kopatik kanpokoa da.
Trainerillen hitzordu guztiak
Trainerillei dagokienez, datorren astean amaituko dira Liga eta Kopa, maiatzaren 10ean, larunbatarekin, jokatuko baita laugarren eta azken jardunaldia, Mutrikun (Gipuzkoa).
Hurrengo egunean, hilaren 11n, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Pasaian, eta handik astebetera, hilaren 18an, Euskadiko Txapelketa izango da Ondarroan (Bizkaia). Azkenik, Espainiako Txapelketa maiatzaren 24an eta 25ean jokatuko da, Galizian, A Proba do Caramiñalen.