Bertol Arrietak "dekadentziaren erretratua" egin du 'Diesel' narrazio liburuan

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 30a, 10:25

Bertol Arrieta idazlea eta Alberdaniako arduradun Oier Etxebeste, liburuaren aurkezpenean. (Alberdania)

Hirugarren narrazio liburua argitaratu du Bertol Arrieta idazle eta zinemagile zarauztarrak, Alberdaniaren eskutik. Zazpi ipuinez osatutako bilduma ondu du.

Zazpi ipuin "txinpartatsu" bildu ditu Bertol Arrietak Diesel narrazio bilduma berrian. Kasu bakoitzean istorio ezberdin bat planteatzen du idazle zarauztarrak, baina haien artean "konexio bereziak" dituzte, eta Alberdania argitaletxeko arduradun Oier Etxebesteren esanetan, "gaur egungo bizimodu goibel, lauso eta esperantzarentzat tarte handirik gabekoak bikain harrapatzen ditu horietan".

Ipuinen arteko katebegiak istorioetako protagonistak eurak direla zehaztu du Aritz Galarraga editoreak: "Aspirazio handirik gabeko pertsonak dira, baina gehienek zerbaiti jarraitzen diote, helbururen bati. Saiatzen dira erantzuten galderen bati". Edonola ere, "heroitasun" handirik gabeko jendea dela dio, egunerokoarekin borroka egiten dutenak; hau da, beren ezinekin, minekin eta su txikiekin.

Arrietak hitz konkretu bat darabil halako jendea definitzeko, eta hori diesel da, liburuari jarri dion izenburu bera. Reprise handirik gabekoak, baina ekitearen poderioz aurrera egiten duten pertsonak. "Munduari eta bizitzari astelehena balitz bezala begiratzen diote, nolabait esateko", adierazi du zarauztarrak, eta pertsonaia hauek aurkezteko ongi ekarritako esaldi bat aipatu zuen: "Bizitza whiskia edatea bezala da. Lehen tragoa inori ez zaio gustatzen, baina gero ohitu egiten zara"». 

Biniloaren B aldean

Esaldia «topiko samarra» iritzi badio ere, narrazioetan ageri diren pertsonaiak "bizitzera ohitu" direla azaldu du. Bizitzaren erdialde horretan daude, 40 eta 50 urte bitartean, eta "horretaz kontziente, badirudi biniloaren B aldea entzuten ari direla". Gauzak horrela, arrasto handia dute atzetik, iragan luzea, eta arrakalaz beteriko harremanak dira, ez direlako erlazio hasi berriak». Arrietak argi eta garbi utzi nahi izan du "dekadentziaren erretratua" egin nahi izan duela.

Pertsonaien eran, baina, ipuinak ere diesel samarrak direla aitortu du Arrietak: "Ez dute azelerazio handirik, ez dago tragedia handirik, ez dago txilinbuelta handirik, ez dute bukaera borobilik, eta, noski, ez dute mezu moralik ere. Halaber, pertsonaiak epaitu gabe agertzen dira". 

Diesel narrazio liburua erpinez beteriko hodei baten gisan irudikatzen du idazleak, eta ipuinotan "giza arimaz gutxien gustatzen zaizkigun gauzak" agertzen dira, hala nola inbidia, jeloskortasuna, mendeku nahia, bizi ezina, eta erruduntasun sentipena. 

Halaber, pertsonaia horiek beren inperfekzioekin "maitagarria edo maitatzeko modukoak" izan daitezkeela dio egileak: "Inperfekzioaren edertasuna bilatzen saiatu naiz, eta horrekin batera, bizitzaren kaosa, ziurgabetasuna, absurdoa erakutsi nahi izan dut, bizitza zentzugabe eta irrazionala agerian jarrita".

Gehiegi pentsatu gabe

Oraingo honetan intuizioari jarraiki idatzi ditu ipuinak, "bulkadei segituz eta teorizatu gabe zein nire buruari helburu jakinik jarri gabe". Ezinezkoa dela margolarien antzera pentsatu gabe aritzea, idazterakoan esaldiak sortu eta arrazionalizatu egin behar direlako. Hala ere, proiektu honetan saiatu da abiapuntu bat, tonu bat eta detaile bat hartuta istorioak eraikitzen, gehiegi pentsatu gabe. "2004an argitaratu nuen nire lehen ipuin bilduma –Txikira beti hordago!– eta idazten hasi aurretik, liburuaren bizkarrezur guztia zehaztuta neukan. Orain, ez dut inprobisatzera, baina gutxi gorabehera idazten ari naizenaren arabera joaten naizela garatzen, nahiz eta gero horrek zuzenketa lan handiagoa eskatzen dizun".

Arrietaren aurreko lana umoretik asko jotzen zuen Gezurra berdaderoa eleberria izan zen, eta lan berri honetan ere ez du berezkoa duen ukitu hori galdu. Berak, nolabait ere, umore ironikoa, umore sarkastikoa eta "dezentetan umore surrealista samarra" bezala kalifikatu du.

Idazlea ez ezik, zinemagilea eta gidoigilea ere bada zarauztarra, eta zinema zein artea oinarri izan ditu ipuinetan; ondorioz, hainbat erreferentzia esplizitu zein inplizitu topatuko ditu irakurleak. Nabarmentze aldera, Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarraren omenezko narrazio bat bildu du liburuan, eta 2022an hil zen Iñigo Salaberria bideo artista eta lagunari eskainitako beste bat. "Azkenean, artea da, maitasunarekin batera, salbatuko gaituena".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide