42. Fernando Maiztegi Argazki Rallya, maiatzaren 18rako

Mireia Galarza Bastida 2025ko api. 29a, 15:30

Argazki kamera. (Pixabay)

Egunean bertan eman beharko dute izena argazkilariek, eta gaia ere proba hasieran zehaztuko dute. 36 irudi aurkeztu ahal izango ditu gehienez argazkilari bakoitzak, eta sari banaketa ekainaren 26an egingo dute. 

Urtero bezala, maiatzarekin batera egingo dute Fernando Maiztegiren oroimenezko argazki rallya. Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatuta, 42. edizioa izango da aurtengoa, eta zehazki, hilaren 18rako jarri dute hitzordua. 

Antolatzaileek probaren inguruko oinarriak ere eman dituzte jakitera, eta azaldu dutenez, egunean bertan eman beharko dute izena interesa dutenek Zarauzko Argazkizale Elkartearen egoitzan, Ebro Etxeko bigarren solairuan 9:00etatik 10:00etara. 16 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu beharko dute izena ematerakoan, baina hortik beherakoek doan parte hartzeko aukera izango dute. 

Ohi bezala, proba hasi aurretik zehaztuko zaizkie argazkilariei landu beharreko gaiak. Bukaeran, 13:00etatik 14:00etara bitartean, partaide bakoitzak elkartearen egoitzan aurkeztuko ditu bere argazkiak –gehienez ere 36, lehen kontrolekoa barne–, eta horiek ordenagailu batera deskargatuko dituzte. Ondoren, partaide bakoitzak gai bakoitzari buruz argazki bana aukeratu eta rallyzarautz2025@gmail.com posta elektronikora bidali beharko du maiatzaren 25erako, igandea.

Irabazleak 160 euro eta Andra Mari Zeruratzearen garaikurra jasoko ditu; bigarrenak 130 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 100 euro eta garaikurra. Bestelako bi sari ere banatuko ditu elkarteak: rallyko argazki ederrena egiten duenak 80 euro jasoko ditu, eta 16 urtez azpiko lehen sailkatuak, berriz, garaikurra. Ekainaren 24ean, asteartea, egingo dute sari banaketa ekitaldia Torre Luzea erakusketa aretoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide