Mikel Unzurrunzaga Makala eta Lidia Insausti gidari dituen Arima Soul taldeak Gaua izeneko disko berria argitaratuko du aurki; taldearen Bandcamp atariko oharrak iradokitzen duenaren arabera, maiatzaren 8an ikusiko du argia. Bien bitartean, Denbora bigarren aurrerapen abestia eta haren bideoklipa aurkeztu du. Lehen single-ean, Oinatzak izenekoan, Beleren kolaborazioa izan bazuten, bigarren honetan The Cherry Boppers Horns taldea izan dute bidaide.
Bilboko taldearen haize sekzioaren laguntza izan du Arima Soulek, Mikel Piris saxo-jotzailearen eta Urtzi Martin tronpeta-jotzailearen parte hartzearekin. Horrez gain, abesti honek Lalo López gitarristaren ukitua ere izan du; Bartzelonako Fundación Tony Manero talde ezagunaren musika zuzendaria da bera.
Bideoklipa Nafarroako Bertizarana eta Baztango hainbat txokotan grabatu zuten iragan otsailean.