Irlandan ariko da kantuan Zarautz Abesbatza aste honetan

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 28a, 11:00

Zarautz Abesbatza (Guka)

Asteazkenetik igandera Corkeko Nazioarteko Abesbatzen Jaialdian izango da. Lehiaketa albo batera utzita, hainbat herritan eskainiko ditu saioak.

Zarautz Abesbatzak musika bidaia egingo du aste honetan, hilaren 30etik maiatzaren 4ra, Irlanda hego erdialdera. Cork hiriko 70. Nazioarteko Abesbatzen Jaialdian hartuko dute parte; abesbatzen nazioarteko lehiaketa ere jokatuko da, eta, beraz, askotariko ahots mugimendua izango da hirian bertan eta inguruko herrietan.

Zarautz Abesbatzak albo batera utziko du lehiaketa, eta beste herrialdetako hainbat abesbatzekin batera, Corken eta inguruetan abestuko du: kale guneetan, liburutegi aretoetan, elizetan eta abar. Bidaiaren helburua argi azaldu dute: "Gure hizkuntza, kultura, herriaren izena eta izaera harrotasunez erakutsiko dugu, ea irlandarrekin bat egitea lortzen dugun... Seguru baietz!".

Errepertorio zabala prestatu dute egoerarako, 23 abestikoa, eta gehienak euskal kantu folklore-polifonikoak eta kantu sakroak edo eliz kantak dira. Hala ere, hangoei keinu egite aldera, Irlandako lau abesti ere txertatu dituzte: Mikel Markezek abesten duen John Zaharra eta Lorenzo Ondarrak moldatutako Aleluia, Molly Malone eta Athenryko zelaiak.

"Guk gurera moldatuta abestuko ditugu abestiok, lau ahotsetara. Historia eta kondaira ugari dute Irlandarrek, abestietan kondaira asko kontatzen dute eta indar handia dute beraien kulturan. Adibidez, azken bi kantuak ereserki moduan abesten dute edozein jarduera eta esparruetan", aditzera eman dute

Egunero kantuz kantu ariko badira ere, atseden egun bat hartuko dute zarauztarrek , eta hori Irlandako historia, kultura eta inguru aparta ezagutzeko baliatuko dute; besteak beste, Kerryren eraztuna, hego mendebaleko 170 kilometroko zonaldea, gazteluak, irla txikiak, herri bitxiak eta bertako dantzak zein doinuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide