Play-Eruak egitasmoaren bigarren jardunaldia jokatu dute gaur, goizetik eguerdi partera, atzokoak baino baldintza hobeagotan. Haizea egiten bazuen ere, euriak tregoa eman du behintzat, eta hori guztiek eskertu dute, bai antolakuntzak, bai jokalariek, baita hondartzako futbolaz gozatzera hondartzara jaisti edo malekoira gerturatu direnek ere.
Aurreko urteetan kanporaketak jokatu eta kategori bakoitzeko txapeldunak izaten baziren ere, aurten Zarauzko Plaieroetako antolatzaileek planteamendua aldatzea erabaki dute, eta parte hartzeari eman diote lehentasuna. Beraz, izena eman duten gazte talde guztiei ahalik eta partida gehien jokatzeko aukera eman nahi izan diete asteburu honetan. "Hala, ez dira igandeko lehen neurketan galduz gero, etxera joan", zehaztu dute.
Sariak talde parte hartzaile guztien artean zozkatu dituzte, eta, era berean, atzo eta gaur, txokolate beroa eta mokadutxoak jateko parada ere izan dute. "Irabazlerik ez da egon, guretzako jokatu duten guztiak izan dira irabazleak. Urte osoan, asteburu hau izan dutelako plaieroetan jokatzeko. Orokorrean, gustura bukatu dute guztiek", nabarmendu dute.
Parte hartzeari dagokionez, urtez urte igotzen ari dela zehaztu dute: "Duela bost urte antolatu genuen lehen aldiz, eta 320 lagun inguruk jokatu zuen. Aurten, berriz, 700 pasatxo izan dira. Horixe da jarraitu beharreko bidea, eta, beraz, seigarren ekitaldiaren bila goaz!".