Jesus Egigurenek Memorias de un niño de caserio liburua aurkeztu zuen ostiral arratsaldean, Zazpi kultur elkartean, Mario Onaindia Fundazioak antolatuta. PSE-EEko presidente eta legebiltzarkide ohiak argitalpenaren nondik norakoak azaldu zituen, Felipe Juaristi kazetaria bidaide zuela.
Aizarnako baserri batean jaio zen Egiguren, eta bere umetako hainbat bizipen bildu ditu liburuan: Azpeitiko institutukoak, Arroako txabolakoak, Parisera bizitzera joandakoak, zuzenbideko ikasketak ordaintzeko egindako lanak eta gaztaroan politikangintzan emandako pausoak.
Aurkezpenera jende dezente bertaratu zen, eta, besteak beste, han izan ziren Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusi José Ignacio Asensio, Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatu Rafaela Romero eta Zarauzko PSE-EEko udal bozeramaile Inaxio Illarramendi, baita Mario Onaindia Fundazioko kideak ere.