Udal liburutegiko maileguak %4,9 igo dira azken urtean

Julene Sorarrain 2025ko api. 25a, 16:00

Artxiboko irudian, Sanz Enea liburutegia.

Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko estatistiketan oinarrituz, 10.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan hirugarren postuan kokatzen da Zarautz mailegu kopuruari dagokionez.

Zarauzko Udal Liburutegiak 2024. urteko datuak aurkeztu berri ditu, eta txostenaren barruan joan den urtean izandako zenbakiak zehaztu dituzte. Datu horien arabera, guztira 6.750 erabiltzaile izan ziren azken urtean zehar, eta 436 erabiltzaile berrik egin dute liburutegiko txartela.

Maileguei dagokienez, 32.202 izan dira 2024. urtean egindakoak. Aurreko urteko zifrekin alderatuz, % 4,9ko igoera izan dela jakinarazi du udalak. Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko estatistiketan oinarrituz, 10.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan hirugarren postuan kokatzen da Zarautz mailegu kopuruari dagokionez.

Irune Urbieta Kultura zinegotziak "datu positiboak" direla azpimarratu du, izan ere, "zarauztarren irakurzaletasuna eta kulturarekiko grina" mahai gainean jartzen dituzte. Hori horrela, udal liburutegiak "baliabideak indartzen" jarraituko duela adierazi du Urbietak, "datu on hauek jarraipena izan dezaten". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide