Caritas Gipuzkoa elkarteak, "aniztasuna ospatzeko, elkar ezagutzeko eta errezetak partekatzeko" helburuarekin, Zapore anitz arrozak ekimena antolatu du larunbat honetarako. Andre Mariaren Zeruratzea parroki elizaren parean egingo dute ekintza, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean, eta herritar guztiei zuzenduta dago.
Egitasmoaren bitartez Caritasek komunitatean egiten duen lana ospatu eta gizarte errealitateak ikustarazi nahi dira, jatorri ezberdinetako pertsonen elkarbizitza sustatuz eta aniztasun kulturala gastronomiaren bidez zabalduz.
Hori horrela, ekintza "parte-hartzailea" izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta Caritasen programateko erabiltzaileek, boluntarioek, langileek eta herritarrek arroz mota ezberdinak prestatuko dituzte taldeka.
Besteak beste, Trintxer-Emeki, Miriam, Sorabilla, Hotzaldi, Aterpe, Lamorus, Bidelagun eta beste hainbat laguntza programetako pertsonek eta euren zaporeek hartuko dute parte. "Plater bakoitza istorio bat kontatzeko aitzakia izango da; beste errealitate batzuk ezagutzeko eta aniztasunean oinarritutako komunitate aberats baten parte garela sentitzeko parada. Arroz karibearra, afrikarra, arabiarra, curryarekin edo valentziarra… Zapore anitz, istorio anitz!".