EAJk Aberri Eguneko hitzorduetan parte hartzera deitu ditu herritarrak

Intza Trula 2025eko apirilaren 18a

Ikurrina herriko etxebizitza bateko balkoian zintzilik, Aberri Egun batean. (Guka)

Etzi, Pazko Igandean, Meza Nagusia eta hamaiketakoa egingo dituzte. Gainera, jeltzaleek etxeetako balkoietan ikurrina zintzilikatzera animatu dituzte herritarrak.

Zarauzko Eusko Alderdi Jeltzaleak etzi izango den Aberri Egunaren harira herrian antolatu dituen ekintzen berri eman du, eta herritarrei dei egin die horietan parte hartzera.

Hala, igandean, 12:00etan hitzartu ditu herritarrak Santa Maria La Real parrokian, bertan egingo duten Meza Nagusira joateko. Zehaztu duenez, hildako EAJko Zarauzko alderdikideak gogora ekarriko dituzte elizkizunean.

Ondoren, Batzokian hamaiketakoa eskainiko diete alderdikideei eta gerturatzen diren guztiei. 13:30 inguruan, berriz, Gora ta Gora Euskadi abestuko dute ikurrinaren aurrean.

Era berean, "Eusko Aberriaren ikur nagusi den ikurrina" etxeetako balkoietan jartzeko deia egin die herritarrei, "euskaldunontzat hain garrantzitsua den egun hau ospatzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide