Zabaldu dute kultur arloko diru laguntzak eskatzeko epea

Intza Trula 2025ko api. 15a, 13:00

Pertsona bat oihal batean harrapatuta. (Pixabay)

Diru laguntza hauen helburua da kultur jarduerak, programak eta sormen proiektuak bultzatzea. Orotara, 12.185 euro banatuko ditu Zarauzko Udalak.

Zarauzko Udalak zabaldu du kultur arloko diru laguntzak eskatzeko epea, eta interesdunek maiatzaren 10a izango dute proposamenak aurkezteko azken eguna. Irabazleen artean, guztira, 12.185 euro banatuko ditu udalak kultur jarduerak, programak eta sormen proiektuak babesteko xedearekin.

Kultura departamentuak zehaztu duenez, bi arlotan bereizi dituzte dirulaguntzak: batetik, kultura jarduerak eta programak, eta, bestetik, kultur sormeneko proiektuak: ikus entzunezkoak, arte plastikoak, musika, dantza…

Hori hala, kultur jarduera edo programetarako diru laguntzak Zarauzko irabazi asmorik gabeko kultur edo gizarte arloko elkarteek eskatu ahal izango dituzte. Salbuespen modura, Zarauztik kanpoko entitateek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak, beti ere beren jardueren zati nabarmen bat udalerriaren barruan gauzatzen badute edota udalerriarentzat interesgarria bada.

Sormen proiektuei zuzenduko laguntzei lotuta, berriz, gutxienez 31 urte dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskatu ahalko dituzte. Taldeak eskatzeko aukera ere izango da, dena den, eta, halakoetan, kideen hiru laurdenek bete beharko dute gutxieneko adinaren baldintza. Gainera, laguntzak jasotzeko aukerak gehiago proiektu berriei eman nahi dizkietenez, aurreko urtean diruz lagundutako proiektu edo jarduera berberek ezingo dute laguntzarik jaso, baldin eta aurrekoen jarraipena ez bada.

Diru laguntza eskaerak udalaren zerbitzu telematikoaren bitartez erregistratu beharko dira, eta deialdiaren inguruko informazio osagarria udalaren webgunean aurki daiteke. Zalantzak argitzeko, berriz, Kultura departamentuarekin jarri daiteke harremanetan, 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta edota kultura@zarautz.eus helbidera idatzita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide