Haurrak eta helduak korrika, ikastolaren alde

Ian Ruiz Lizaso 2025ko api. 13a, 11:00

Hartxintxar lasterketan lortutako dirua Eusko Jaurlaritzak jarritako isuna ordaintzeko erabiliko dute. Jolaserako, eskulanetarako eta jan-edanerako txokoak prestatu zituzten, zuzeneko musikak girotuta.

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak Hartxintxar lasterketa antolatu zuen atzo arratsean. Egun osorako egitaraua prestatu zuten antolatzaileek, haurrentzako eta helduentzako korrika saioekin, jan-edanerako postuekin, jolasen txokoekin eta musikarekin. Gainera, hainbat zozketa ere egin zituzten parte hartzaileak esku hutsik ez joateko.

Duela pare bat hilabete Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak 140.000 euroko isunarekin zigortu zuen Zarauzko ikastola, 2023-24 ikasturtean ikastetxean har zitzaketena baino zortzi haur gehiago onartzeagatik. Ordutik, diru bilketa egiteko ekitaldi eta jarduera ugari antolatzen ibili dira. Horregatik, atzoko lasterketan bildutako dirua isuna ordaintzeko erabiliko dute.

Ekitaldia arratsaldeko 16:30ean hasi zen. Lehenik, haurren txoko bat antolatu zuten ikastolako estalpean. Bertan, dortsalak apaindu eta margolanak egiteko aukera zegoen. Ondoren, 18:00etatik 19:00etara, txikienen lasterketak egin ziren. Haur Hezkuntzako hirugarren, laugarren eta bosgarren mailakoak hasi ziren 50 metroko ibilbidean. Euriaren ondorioz, atseden bat hartu behar izan zuten, eguraldia apur bat baretu arte. Ordu laurden igaro ondoren, guztiak martxan jarraitu zuen. Lehen Hezkuntzakoentzat ibilbide luzeagoak prestatu ziren. Lehen eta bigarren mailakoek 240 metro egin zituzten. Ondoren, hirugarren eta laugarren mailakoek 540 metro. Azkenik, bosgarren eta seigarren mailakoek 840 metro. 

Hartxintxar lasterketa nagusia arratsaldeko 19:30ean hasi zen. Antolatzaileek azpimarratu zutenez 200 pertsonek hartu zuten parte. Korrikalariek, 3,5 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Ikastolatik abiatuta, Gipuzkoa kalea eta Kale Nagusia zeharkatu zituzten, Musika Plazaraino helduz. Handik, Santa Marina eta Herrikobarra kalea eta Paxo pasabidea igaro zituzten. Bertatik, Amalur parkeari itzulia eman eta tren geltoki berriaren azpitik pasatu ziren. Azkenik, Lapurdi kaleko bidegorritik ikastolara itzuliko ziren, helmuga zeharkatzeko.

Egunarekin jarraitzeko, 20:30ean lasterketako sariak banatu zituzten. Jarraian, hainbat zozketa burutu ziren. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako korrikalarientzat Peccato, Zelaitxo, Dava, La Potx, Ktxo eta Mele-meleko afariak zozketatu ziren. Helduentzat, berriz, Otzarretan birentzako afaria eta Ameztoiko produktuak. Nadia Erostarberen surf-ohol bat ere zozkatu zuten. Amaieran, bertaratuek musikaz gozatzeko aukera izan zuten.

Hona hemen Hartxintxar lasterketako emaitzak (helduenak):

Gizonezkoak: 

1. Xuhar Aldaya Olazabal

2. Ander Lopez Gonzalez Etxabarri

3. Haritz Gaztelu Garde

Emakumezkoak:

1. Elena Beristain Artetxe

2. Elaia Etxeberria Oñatibia

3. Lore Morey Zulaika

Ez bitarrak:

1. Iñigo Fernandez de Rentana Mugika

Lasterketako sailkapen guztiak ikusi nahi izanez gero, kronoak.com webgunean argitaratu dira emaitzak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!