Harrobiko jokalariei aitortza, Zarauzko Garagardo Azokan

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 11a, 10:00

Garagardo Azokan boluntarioak lanean, barraren atzean. (Jabi Gonzalez Toston)

Apirilaren 16tik 21era egongo da zabalik azoka, Munoa plazan. Irekiera egunean, egun lehen mailan jokatzen duten etxeko lau errugbi jokalari omenduko dituzte.

Beste urte batez erromes ugarik egingo dute geldialdia Aste Santuan Zarautzen. Prozesioak Munoa plazako karpara bideratuko ditu fededunak, garagardoa gurtzeko eta eskualde mailako Oktoberfest jaia ospatzeko. Datorren asteazken arratsaldean, apirilaren 16an, irekiko ditu ateak Zarautz Rugby Taldeak antolatzen duen 23. Garagardo Azokak, eta apirilaren 21eko arratsaldera arte iraungo du. Oro har, 12:00etatik 01:00 bitarte, egongo da zabalik, eta, urtero bezala, zuzeneko musika egongo da egunero.

Irekiera ofiziala asteazkenean bertan egingo dute, 20:00etan, eta aurtengo ekitaldia «oso berezia» izango dela nabarmendu du errugbi taldeak. Hain zuzen ere, harrobian hazi eta hezi diren lau jokalari omenduko dituzte: "Hau da, gure makilen azpian hasi, eta lehen mailara iritsi diren jokalariak", adierazi dute. Beraz, Lorea Segovia, Martin Sorreluz, Urko Zumeta eta Alex Saleta izango dira aurtengo azokako lehen garagardoa dastatuko dutenak.

Haymar Manzisidorrek irudikatutako kartelak ekitaldi ugari antolatu dituztela iragartzen du. Aurreratu bezala, gauero kontzertu ezberdinek girotuko dute karpa: Fan & Go ariko da, hilaren 17an; Hauek eta Izan Bai, hilaren 18an; Komeri Erromeria, hilaren 19n; eta Iraultza Erromeria, hilaren 20an.

Jendea biltzen

Ostiralean, apirilaren 18an, tradizio bihurtu den mus txapelketa jokatuko dute, 15:30etik aurrera. Bikoteko 35 euro ordaindu beharko da parte hartzeko, eta izena lehiaketa hasi baino ordu laurden lehenago eman ahal izango da. Larunbatean, berriz, herri bazkaria izango da, eta menuak 22 euro balioko du pertsonako; paella, ukondoa, saltxitxak, postrea eta bi garagardo (pitxarra ez dago barne) dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek.

Tiketak aurrez erosteko aplikazioa ere jarri dute martxan, Garagardo Azokaren webgunearen eta sare sozialen bidez eskura daitekeena, eta, hala, "ilarak aurreztu ahal izango dira egun horietan". Herri bazkariko eta mus txapelketan parte hartzeko informazioa ere aplikazioan bertan eskura daiteke. Bestalde, antolatzaileek jakitera eman dute eguerdiro haurrentzako begirale zerbitzua egongo dela, "gurasoek garagardoaz lasai gozatu ahal izateko".

Zarautz Rugby Taldeak argi utzi nahi izan du aipatu egunetan azokan lortzen duten etekina kluba ekonomikoki laguntzeko baliatuko dutela. "Ekitaldian lortzen diren irabaziek gure kirol txikia handiago egiten lagunduko dute. Horren erakusle izango dira karpan ikusiko dituzuen boluntario guztiak ere: jokalariak, jokalari ohiak, klubeko haurren gurasoak... errugbi familiako kide denak". Hori horrela, prozesiora batzera animatu dituzte herritarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide