Naturaz gozatzeko irteerak asteburuan, Arkamurkaren eskutik

Intza Trula 2025ko api. 10a, 17:15

Hegaztien kantuak ezagutzeko irteera bat, Torreoian. (Arkamurka)

Inguruko hegaztien kantuak ezagutzeko irteera egingo dute larunbatean; igandean, berriz, Zarauzko lorategietako orkideak ezagutuko dituzte.

Udaberria dela aprobetxatuz, naturaz gozatzeko eta haren inguruko bitxikeriak ezagutzeko bi irteera antolatu ditu beste urte batez Arkamurka natura elkarteak. Zehazki, larunbatean eta igandean egingo dituzte ibilaldiak, eta interesa duen oro dago gonbidatuta bietan parte hartzera.

Larunbatean, Zarauzko inguruetan bueltaka dabiltzan hegaztien kantuak ezagutzeko irteera antolatu du natura elkarteak. 09:30ean elkartuko dira Vista Alegreko parkearen (Torreoia) sarreran. Ibilaldia zailtasunik gabekoa izango da, Vista Alegre parkean barrena, eta adin eta ezaguera maila guztietako herritarrei zuzendua. Bidean zehar, Arkamurkako kide Pello Izkeaga ornitologoak azalpenak emango ditu. Irteerak bi-hiru orduko iraupena izango duela aurreikusi dute, eta prismatikoak eta hegazti gidaren bat eramatea gomendatu dute.

Igandean, berriz, Zarauzko lorategietako orkideak ezagutzeko irteera egingo dute, Arkamurkako kide Juantxo Unzuetak eta Eraztun Berde Urdineko arduradun Gloria Vazquezek gidatuta. 09:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua, Agoueseneko biribilgunean, eta goiz buelta izango dela jakinarazi dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide