Antzerkia Familian programaren barruan, Mar Mar Teatro konpainiak Elara antzezlana aurkeztuko du bihar Modelo aretoan. 16:45ean hasiko da emanaldia, eta sarrerak eskuratzeko bi aukera daude: Kutxabank atari digitalean salgai daude dagoeneko, eta bihar bertan Modelo aretoko leihatilan ere edukiko dituzte.
Elarak goizegi ezagutuko du galera hitzaren esanahia. Bere gertuko bat izarren hauts bihurtuko da. Horregatik, Elarak erabaki du haren bila joatea galaxiarik galaxia eta planetarik planeta. Bidaia espazial bezain espeziala egingo du bizitzaren zentzua ulertu nahian, horretarako doluaren faseak (eta desfaseak) zeharkatu behar baditu ere.
Proiektuaren jatorrizko ideia eta poemak Leire Bilbaorenak dira, eta zuzendari lanetan Jose C. Garcia ibili da. Oholtza gainean ikusi ahal izango diren aktoreak, berriz, Garoa Bugallo, Aritza Rodriguez eta Maitane Serrano dira.