Joan den urtean umeen irakurketa taldeak izan zuen arrakasta ikusita, Gaztelit gazteentzako literatura taldea sortu dute aurten. Irakurle taldea izateaz gain, idazketarako tartea ere hartzen dute parte hartzaileek, eta orain, antzeko ekimenak martxan jarri dituzten bi herrirekin elkarlana hasi dute: Errenteria eta Oiartzun.
Nerea Loiola, Olatz Mitxelena eta Eider Perez dira herri horietako taldeen dinamizatzaileak, eta lehen topaketa egin zuten joan den larunbatean Oiartzunen. Helburua izan zen beste herrietako gazteak ezagutu eta literatura atsegin duten gazteei leku eroso bat eskaintzea.
Guztira, DBH 1, 2, 3 eta 4ko 25 gazte elkartu ziren egun horretan, eta egun osoa igaro zuten elkarrekin. Goizean, hiru sortze tailer egin zituzten, eta elkarrekin bazkaldu ondoren, Olatz Salvadorren bisita jaso zuten arratsaldean. Solasean aritu ziren berarekin sormen prozesuaz, eta donostiarrak abesti batzuk ere eskaini zizkien.
Haurrentzat ere bai
Loiolak jardunaldiaren balorazio positiboa egin du, bere hitzetan, Zarauztik parte hartu zuten bederatzi gazteak "oso pozik" itzuli zirelako.
Gazteen topaketaz gain, ordea, umeentzako ere egingo dute antzeko zerbait. Topaketa ekainaren 1ean izango da, Zarautzen.