Itzuliaren hirugarren etapa Zarauzko herrigunetik irten zen atzo eguerdian, lagun mordoaren ikusmina piztuz, eta errepide ertzak jendez betez. Kirol ekitaldia zela eta, besteak beste, herriko zenbait errepide itxita egon ziren goizean zehar. Hori horrela, behin lasterketa amaituta, Zarauzko Udalak eskertu egin nahi izan du atzo lasterketa ikustera gerturatu ziren guztiek erakutsitako jarrera.
“Udaltzaingoaren eta Zarauzko Udalaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet zarauztarrei atzoko jardunaldian izandako jarrerarengatik. Alde batetik, lasterketarekiko izandako errespetuarengatik eta kirolariei emandako animoengatik, eta, bestetik, errepide mozketen eta trafiko murrizketen aurrean erakutsitako jarrera onagatik eta ulermenarengatik”, esan du udaleko Herri Segurtasuneko zinegotzi Gervasio Gabirondok.