Chacolí (del e. txakolin). Horrela dio Emiliano Arriagak 1896n argitaratu zuen Lexicón bilbaíno (Bilboko hitzen hiztegia edo bilduma) liburuan. Liburuko hurrengo sarrera Chacolinero da: "El que frecuenta los chacolines, que es muy distinta cosa de la grosera taberna".
Antza denez, XIX. mende amaierako Bilboko hiztunek bazekiten euskal eta erdal moldeak bereizten. Bazekiten euskaraz txakolin esaten zela, eta, chacolí, gaztelaniaz. Eta txakolindegiak, chacolines, "n" ditxosozko hori ondo gordeta. Egun, ordea, badirudi ez dela horrela, gero eta maizago ikusten baita tabernetan, karteletan eta abarretan hizkuntzan (ez mahastietan) egindako txerto baten bidez lortu den barietate berria: txakoli. Oso ohikoa omen da mahastietan edo zuhaitz landareetan txertoak egitea, kalitatea hobetzeko edo barietate berri bat lortzeko, baina hizkuntzan egiten denean, emaitza erdipurdikoa edo penagarria izan daiteke, kasu honetan bezala: asmatu den forma berria ez da euskarazkoa, ezta gaztelaniazkoa ere. Hitz misto bat sortu da, txinpartarik gabea, euskaraz begi-belarrietan min ematen duena. Gainera, edariaren izenarekin dagoen nahastea mahatsaren izena izendatzean ere gertatzen da: Hondarribi / Hondarrabi zuri, duda sortuta.
Ikusten denez, sortu den barietate berria nahiko ondo sustraitu da, zeharo zabaltzen ari baita gure artean. Hainbeste zabaldu ere, non, berriki, Europako Batzordeak, nekazaritzako produktuen merkatuen antolaketa dela eta, Chacolí-Txakolin termino tradizionala aldatzea onartu duen, eta Txakoli ere sartu duen erregistratutakoen ondoan. Hala irakurri dut komunikabideetan.
Ez dut batere meriturik nire kezka hau zuekin orain partekatzean, Xabier Kintana euskaltzainak kezka bera azaldu baitzuen 2010ean idatzi zuen artikulu batean. Aspaldiko kontua, beraz.
Dena dela, aukeratu dudan gaia egokia iruditu zait zuekin, irakurleokin, elkartuko naizen lehen aldi honetarako, Txakolin hitzaren eta zuen osasunaren alde topa egiteko parada ematen baitu. On egin deizuela!