Valentzian (Herrialde Katalanak) proposatu duten lege berri bati buruz mintzatu zitzaigun aurrekoan irakasle bat. Hezkuntza Askatasunaren Legea deritzo, eta familiei seme-alaben hezkuntzaren hizkuntza nagusia (valentziera edo gaztelania) aukeratzeko parada ematen die. Horren helburua aurreko eleaniztasun eredua ordezkatzea litzateke, bi hizkuntzak berariazko ehunekoetan konbinatzen zituena. Gaztelania edo valentziera, izugarrizko kezka sortu da bapatean; inork ez die, ordea, familiei galdetu ea haurrek geografia, ingelesa edo matematikak ikastea ongi deritzaien.
Hizkuntza zapalduek hezkuntzan txertatzeari esker bizirauten dutela frogatu dute ehunka ikerketek, eta orain, askatasunaren aldeko jokaldi gisa mozorrotu nahi duten arren, hizkuntza aniztasunaren aurkako beste kolpe bat besterik ez da lege txoro hori. Hainbat eta hainbat dira proposamen zentzugabe horren aurka ageri direnak, eta ez luke gutxiago behar, lehen esan bezala, hezkuntza sistematik at dauden hizkuntza gutxituak desagertzera kondenatuak baitira.
Nolanahi ere, badira lege horren aldekoak ere, tamalez. Izan ere, Valentziako erkidego osoan ez omen dira asko egunerokotasunean valentziera erabiltzen duten lekuak, hala diote behintzat sare sozialetan gatazka horren inguruan euren iritzia-edo ematera ausartzen diren hainbat txorimalok. Hiruko erregela hori bera erabiliko bagenu, zentzurik ez luke gaztelania irakasteak erkidegoko beste herri txiki askotan, nekez erabiltzen baita bertan; edo zentzurik ez luke frantsesa eta ingelesa irakasteak, derrigorrezko hezkuntzako ikasleek ez baitute hizkuntza horien beharrik egunerokotasunean. Erabilera kontzeptua eta beste hainbat nahieran manipulatzen ari dira batzuk hizkuntza eta kultura desberdinekiko gorrotoa kamuflatzeko saiakeran.
Valentziakoa, zoritxarrez, ez da kasu solte bat, geroz eta ugariagoak dira hizkuntza zapalduen aurkako jokabideak. Gurean halakorik gerta ez dadin, ibil gaitezen adi eta zaindu dezagun gurea dena.