'Olatuak sutzen direnean' eleberria festa giroan aurkeztu du Haritz Larrañaga 'Larra'-k

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 9a, 12:02

Zarauztarrak Txalapartarekin kaleratu du bere aurreneko eleberria, eta 60 lagunen aurrean aurkeztu zuen atzo arratsaldean, Munoan hasi, Bixkonde kalean geldialdia egin, eta Torreluzea parkean amaituz. Ez zen falta izan trikiti doinu eta jan-edanik.

Olatuak sutzen direnean izeneko eleberria argitaratu berri du Haritz Larrañaga Larra-k Txalaparta argitaletxearekin, eta atzo egin zuen aurkezpena, herrian. Ez nolanahikoa: trikiti doinuen laguntzarekin, festa giroko aurkezpen ibiltaria izan zen Munoa plazatik abiatuta, Larrak umorez jantzi zuena bere hitzartzeekin, eta amaieran, jan-edana eskaini zien bildutakoei Eguzki tabernan. Ibilbidea motza izan zen: Munoan hasi, Bixkonde kalean geldialdia egin, semaforoa gurutzatu Torreluzeako parkera joateko, eta buelta Eguzki tabernara.

Larrari hitza eman aurretik, Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko editoreak liburuaren laburpen txiki bat egin zuen Munoan bertan, azalduz liburuaren protagonistak bi anaia direla, urtebeteko aldearekin sortuak Zarautzen, Munoa inguruan, eta liburuak bi anaia horien ibilbidea kontatzen duela. "Bide diferenteak hartzen dituzte [batek surfa eta besteak borroka armatua], baina liburua hasten da 1980eko hamarkada hasieran, haurrak zirenean, eta orduko beren auzoan. Hirugarren protagonista auzoa bera da, eta horregatik egin nahi izan dugu aurkezpen ibiltaria". Liburuko bi protagonistak toki berean sortu eta haziko dira, beraz, baina 1990eko hamarkadan urrunduz joango dira bien bideak, gerora, berriz, toki berean elkartzeko.

60 lagun inguru elkartu ziren liburuaren nondik norakoak entzuteko, eta hitza hartu orduko, gerturatu ziren herritarrei egin zien erreferentzia idazleak, umoretsu: "Irratian galdetu didate zer jende etorriko zen aurkezpenera, eta esan diet herriko okerrenak etorriko zirela, baina niretzat herriko okerrenak dira hoberenak, eta gainera, liburua, azken batean, zuek zarete. Ikusten ari naiz etorri zaretela surfistak, drogadiktoak... nik nahi nuena, jende jatorra; gutxi, baina ona".

Izenik gabeko auzoa protagonista

Liburuaren %70 izenik ez duen bere txikitako auzoa dela esan zuen ibilbideari ekin aurretik. "El triangulo de las bermudas deitzen genion, edo barrio chino. Inguru hau asko aldatu da, batez ere Munoa, baina liburua hemendik hasten da, errealitatetik, gero fikzioan urrunduz eta urrunduz joan den arren. Bukatu ere, toki berean bukatzen da, Torreluzeako parkean. Dena han bukatzen da: guraso guztiak han daude, haur bakoitzeko lau edo bost. Munduaren bukaera han dago".

Eleberria fikziozkoa izan arren, errefente historikoak eta politikoak hartu ditu Larrak liburua osatzeko, "normalean kontakizun ofizialean kontuan hartzen ez direnak edo gezurretan oinarrituta kontatzen direnak". Azaldu du bera bizi zela hain justu "Zarauzko saltsa guztia zegoen tokian" –hau da, saltsa politikoa eta baita parrandari lotutakoa ere–.

Hamarkaden joanean herrian dauden "kontrasteak" ere kontatu nahi izan ditu, "epaiketarik egin gabe". Esaterako, beraiek surfa egitera neoprenoa jertse azpian ezkutatua joaten zirela uretatik 30 metrora egonda ere, eta nola gaur egun supermerkatuan ere ibiltzen diren surflariak neoprenoa soilik jantzita.

Aurreneko geldialdia Bixkonde kalean egin zuten, kebab jatetxea dagoen parean. "Liburua irakurtzean toki hauetan fijatu behar duzue, nahiz eta asko aldatu den hau guztia, 40 urteren aldea baitago. Lehen hemen dena tabernak ziren, eta metro bakoitzak bere istorioa zeukan. Lehenengo surf denda ere hortxe zegoen, Jeronimo, gero Pukas izango zena. Kalean sekulako folloia zegoen une berean, dendara sartzen zinen, eta horrek Kalifornia zirudien".

Atal asko surfari lotuta daudela azpimarratu zuen, "hori ere auzotik abiatu zelako, itsasoa ondoan zegoen eta". Surfari erabat lotuta egon da, izan ere, Larraren bizitza.

Munoa ere izan zuen hizpide, berak liburuan islatu nahi izan duenaren lekuko: "Duela 40 urte, gaur bezalako astearte buruzuri batean, Munoan sekulako saltsa egongo zen, gaur egungo gazteek ezingo lukete imajinatu ere egin, eta hori da nik kontatu nahi izan dudana".

"Ni auzoko anekdota horiek idazten hasi nintzen eta, pixkanaka, forma ematen saiatu nintzen. Konturatu nintzen zaila zela, baina gustatu egin zitzaidan, fikzioak askorako aukera ematen baitizu. Ondo pasatzeko idazten nuen, baina bukaera eman behar zitzaion, nola-hala eman nion, eta horixe izan da guztia. Bideak berak marraztu du emaitza".

Mokadua Eguzkin egitea ere ez zen kasualitatea izan. "Eguzki taberna, noski, mordoa agertzen da liburuan; kapitulu osoa dauka. Liburuari hasieran jartzekoa nintzen titulua ere Eguzkia eta itzala zen", jakinarazi zuen. Jan-edana Eguzkikoen oparia izan zela ere nabarmendu nahi izan zuen Larrak. Eta liburuarekin lagundu diotenen izenak ere presente izan zituen, besteak beste, Gari Berasaluze eta Joana Garmendia.

Festa giroan, mokadua eta tragoa hartuz, trikiti doinuekin eta bertso bat abestuz amaitu zuten hitzordu berezia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide