Euskal Itzuliaren hirugarren etapa Zarauztik abiatuko da asteazkenean, eta Beasainen izango du helmuga. Probaren antolakuntzak, azpiegituraren muntaketak eta lasterketak berak eragina izango du herriko trafikoan; izan ere, hainbat errepide moztuko dituzte proba aurreko egunean, alegia, bihar.
Irteerarako azpiegituraren muntaketa lanekin astearte arratsaldean hasiko dira. Hori hala, Zuberoa kalean trafikoa itxiko dute, Itaisoro kaletik Aitze kalera bitartean, 16:00etatik lanak amaitu arte.
Lasterketaren egunean, asteazkenean, honako kale hauek moztuko dituzte, ondorengo ordutegian: Araba kalea, Hegoalde kaletik Gurmendi kalera, 09:00etatik 15:30era; Zuberoa kalea, Frantsesbidetik Aitze kalera, 09:00etatik 15:30era; Nafarroa kalea (N-634 errepidea), Zumaiatik Orioraino, bi norabidetan, 13:00etatik 14:30era; Meagako errepidea (GI-2663), 13:00etatik 14:30era; Bizkaia-Aitze biribilgunean trafiko mozketa izango da, Getariako norabidean, 13:00etatik 14:30era.
Mozketa horien ondorioz, lasterketak iraun bitartean, Zarauzko sarrera-irteerak AP-8tik egin beharko dira. Horrez gain, antolakuntza eta taldeen ibilgailuak Hegoaldeko aparkalekuan geldituko dira egun horietan; ondorioz, gaurtik itxita dago aipatu aparkalekua.