Larunbat honetan amaitu da Gipuzkoako Batel Liga Pasaian jokatutako estropadekin, eta atzo, igandez, jokatu zuten Gipuzkoako Batel Txapelketa, toki berean. Bietan aritu dira Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) neska-mutilak, eta emaitza dotoreekin etxeratu dira: senior mutilak, bandera eta guzti, beraiek irabazi baitute txapelketa 09:06:40 denbora eginda. Hiru aurkari izan zituzten zarauztarrek: San Juan A, San Pedro eta Zumaia. Hurrenkera horretan helmugaratu ziren ontziak, San Juan zarauztarrengandik bi segundora, San Pedro hamazazpi segundora, eta Zumaia, minutu erdi pasara.
ZAEkoak fin ibili dira beste kategorietan ere. Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, infantil mutilek garaipena eskuratu zuten, infantil neskak bigarren izan ziren, eta jubenil neskek federazio kopa irabazi zuten.
Ligari dagokionez, beste horrenbeste: infantil mutilek irabazi egin dute hura ere, senior gizonezkoak hirugarren izan dira, infantil neskak laugarren, jubenil neskak bosgarren, eta kadete mistoek zazpi garaipen eskuratu dituzte, klubak emandako datuen arabera.
(Argazkiak: ZAE)