Asteazkena izango da Play-Eruak txapelketan izena emateko azken eguna

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 6a, 13:30

Hainbat jokalari, iazko Play-Eruak txapelketako neurketa batean. (Onintz Lete Arrieta)

Apirilaren 26-27ko asteburuan jokatuko dute DBHko ikasleei zuzendutako hondartzako futbol txapelketa..

Duela pare bat astetik zabalik dago V. Play-Eruak hondartzako futbol txapelketan izena emateko aukera, baina oraindik inskripzioa egin ez dutenek bizkor ibili beharko dute, epea asteazkenean amaituko baita.

Zarauzko Plaieroek eta Zarauzko Kirol Elkarteak antolatzen dute kirol ekitaldi hau, DBHko ikasleei plaieroetan jokatzeko aukera emate aldera; eta nolabait ere, adin tarte horretan zegoen hutsunea betetzeko. Ohiko bezala, bi egunetan jokatuko dituzte neurketak, eta aurten apirilaren 26-27ko asteburuan izango da.

Parte hartzeko interesa duten gazteek lotura honetan dagoen galdetegia bete behar dute izena emateko. Bertan, taldeari buruzko informazioa zehaztu beharko dute, baita zein kategorietan lehiatu nahi duten ere. Parte hartzeagatik ez da ordindu behar, baina kuota gisa, olio botila edo dilista paketea eman beharko du jokalari bakoitzak. Bildutakoa Zarauzko Elikagai Bankuari helaraziko diote.

Talde bakoitza zazpi jokalariz osatuta egongo da, eta partidetan nahi adina aldaketa egin ahal izango dituzte. Dena den, mistoak diren taldeetan genero bakoitzetik gutxienez hiru jokalarik egon beharko dute uneoro jokatzen. Beharrezkoa izango da talde bakoitzak bi kamiseta eramatea partidetara: bata zuria eta bestea nahi duten kolorekoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide