'Euskara eta Herria' zikloaren lehen saioa egin du Gipuzkoako EAJk Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 5a, 13:45

'Euskara eta Herria' zikloan batu diren EAJko alderdikideak (Gipuzkoa Buru Batzarra)

Hizkuntza politikan agintari eta alderdikide diren aldetik egin dezakeken ekarpena lantzeko elkartu dira gaur goizean herrian.

Gipuzkoako EAJko kideak Zarautzen elkartu dira gaur goizean, Euskara eta Herria zikloaren lehen saioa egiteko, eta gisa horretan, euskarari aurrera eragiteko urratsak pentsatzeko.

"Hizkuntza biziberritzeko prozesuan, bidegurutzean gaudela edo biribilgunean gabiltzala diote arlo honetan diharduten eragile eta aditu askok", azaldu dute, eta horren harira, Euskaltzaindiaren baitako Euskararen Gogoetagunea euskararen etorkizun ikuspegia lantzen ari dela, nondik nora jo beharko litzatekeen hausnartzeko eta proposatzeko. Hori hala, "Gogoetagunea egiten ari den lan horren berri jakin eta horren ondorioz hizkuntza politikan agintari eta alderdikide garen aldetik egin dezakegun ekarpena lantzeko elkartu gara".

Aditzera eman dutenez, orain artean, euskara biziberritzeko "berebiziko lana" egin da erakundeen babesarekin eta herriaren ekimenarekin. Baina kontziente dira garai berriek "galdera eta egoera berriak" dakartzatela euskararen bidera, eta horretarako prest egon behar dela: "Estrategia berriak pentsatu eta gauzatu behar ditugu etorkizun ikuspegiz, orain arteko eskarmentua kontuan hartuz eta sormenez, aurrerapenak erabiliz, besteak beste zientziak eman ditzaken gakoak ondo barneratuta eta aztertuta".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide