Gutuna

Euskal Itzuliko etapak ez du gurekin zerikusirik

Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartea 2025ko api. 5a, 12:30

Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartearen aurkezpena Lege Zaharren Enparantzan. (Mikel Roteta)

Zarauztarra txirrindulari kirol elkarteak honako gutun hau helarazi du Gukara, beraien egoera azaltzeko eta Zarauzko Udalak aurten diru laguntza ia erdira jaitsi diela jakinarazteko.

Urtez urte Zarauzko Udaleko diru laguntza goraka joan zaigu, gutxi, baina goraka. Azken urteetan nahikoa jaso dugula esan genezake, urteko gastuei aurre egiteko behintzat.

Zarauztarra txirrindulari kirol elkarteak hainbat lasterketa antolatzen ditu urtean zehar: Eskola Kirolekoa otsailean izaten da; kadeteena, martxoan; jubenilena, irailean; eta kadete eta jubenil mailako kirolarientzako Azken Portuko gau kriteriuma, abuztuan. Estatu mailako gau kriterium bakarra da Zarauzkoa. Lasterketa horietan guztietan mutilak eta neskak izaten ditugu partaide.

Baina lasterketa horiek antolatzeak bere kostua du: epaileak ordaindu behar dira, trafikoko tasak, trofeoak, anbulantziak, medikua... Taldeko txirrindulariei ere gutxieneko arropa ematen diegu: maillota, kulotea eta txaketa bat. Esan beharra dago, halaber, klubak bizikletak dituela gazteei lagatzeko, familia bakoitzak ez dezan bizikleta erosten gastu handirik egin. Baina ditugun bizikleta gehienak hogei urtetik gorakoak dira; eta baditugu 30 urte pasatzen dituzten batzuk ere.

Taldeko kotxe bakarra dugu, eta hori ere hala moduz dago. Eta zer esanik ez udalak utzitako lokalaz. Negargarria da benetan hori horrela edukitzea: zorua desorekatua dago, entxufe bakarra daukagu, komunik ez... Urte mordoa daramagu obren esperoan. Beti aitzakiak jartzen dizkigute, ez dagoela dirurik eta ez dagoela langilerik esanez. Behin baino gehiagotan esan diegu guk geuk egin dezakegula obra beraien materialarekin, eta ezezkoa jaso dugu, beraien gauza zela argudiatuz. Gezurrak, bata bestearen atzetik.

Udalaren edo kirol zinegotziaren aurtengo kapritxoa izan da gure talde xumeari diru laguntza ia erdira jaistea, eta kaskabiloak ukitze aldera, Euskal Herriko Itzulia ekarri du edo dute Zarautzera. Gu pozik gaude txirrindularitza gure paretik pasatzearekin, baina ez beste guztiarekin. Ez al da hobe izango herriko taldea ondo zaintzea irteera bat antolatzen horrelako dirutza gastatu beharrean? Gure lokala ikusteko gonbidapena egiten dizuegu, benetan.

Eskerrik asko!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide