Denboraldi amaieran, jokalari ibilbideari amaiera emango diola iragarri zuen atzo Bera Bera eskubaloi taldeko kapitain Alba Menendezek. Zarauztarrarekin batera, Esther Arrojeria taldekide usurbildarrak ere erretiroa hartuko du, eta horren berri emateko agerraldia egin zuten Donostiako Kirol Etxean. Biek adierazi zuten hiru tituluak irabazita eman nahi dutela azken agurra, baita Liga erdietsita ere.
Menendezek aitortu zuen azken denboraldietan behin eta berriro errepikatzen ziola Bera Berako arduradun Tati Garmendiri uste zuela hura izango zela azkena, eta "azkenean iritsi da”, nabarmendu zuen. Erabakia hartzea ez dela batere erraza izan, adierazi du. "Badakizu zure unea iritsiko dela, baina ez duzu nahi. Iristen denean gogorra da. Atzera-bueltarik gabeko erabakia delako”.
Zortekoa izan dela dio, zaletasun gisa hasi zen horretan gozatzeko aukera izan duelako. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi izan zizkion klubari, Tati Garmendiari eta taldeko jokalariei: “Zalantzarik ez dut, geratzen zareten jokalariok, hazten jarraituko duzuela. Kluba askoz gehiago haz daitekeelako”. Bere lorpen zerrenda, gainera, ez da nolanahikoa: bederatzi liga irabazi ditu, zazpi kopa eta bederatzi superkopa.
Halaber, erretiroa hartzeka "denboraldirik onena" dela azpimarratu zuen, "batez ere egin dugunagatik eta egiten ari garenagatik”. “Klubak zuen helburu handienetako bat zen multzoen fase horretara berriro pasatzea, eta nire zerrendan ere bazegoen hori”, gaineratu du. “Lauko finalarekin borobiltzea zatekeen idealena, baina harro nago lortu dugunaz. Orain, hiru tituluak irabazteko borrokatuko gara, horrela amaitu nahi baitut nire ibilbidea”.
Bizitako unerik onenei dagokienez, Txapeldunen Ligako (2013-14) partidak gogoratu ditu, baita Donostiako Erreginaren bi Kopak ere. Beste hausnarketa bat ere egin zuen zarauztarrak: “Bidebietan jokatzetik Gascara jokatzera igaro gara, auzoko klub bat izatetik hiriko klub bat izatera, eta Gasca betetzea lortu dugu”. Gogobeteta, ondorengo hitzekin borobildu zuen: “Talde honek eta klub honek jendea erakartzen jarraituko du”.