Turismoaren Kode Etikoaren zigilua jaso dute Zarauzko hamalau enpresak

Mireia Galarza Bastida 2025ko api. 5a, 10:00

Zigilua jaso duten herriko hainbat erakunde. (Zarauzko Udala)

Urtero banatzen dituzte zigiluak, eta aurtengo ekitaldia asteazkenean egin zuten. Guztira, Arabako 164, Bizkaiko 306 eta Gipuzkoako 266 enpresek eskuratu dute aipatutako zigilua.

Duela sei urte jarri zuen martxan Euskadiko Etika Batzordeak turismoaren arloan funtsezko erantzukizun eta iraunkortasun printzipioak ezartzeko egitasmoa: Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren Zigilua. 

Urtero banatzen dituzte zigiluak, eta aurtengo ekitaldia asteazkenean egin zuten. Guztira, Arabako 164, Bizkaiko 306 eta Gipuzkoako 266 enpresek eskuratu dute aipatutako zigilua, tartean Zarauzko hamalauk: Arazi, Berazadi jatetxea eta hotela, Egona, Essus Surf eskola, eXperientziak, Gran Camping Zarautz, Kaixo apartamentuak, Klimb Zarautz rokodromoa, Moor Surf eskola, Oasis Living apartamentuak, Shelter By Aritz Aramburu, Talaiberri txakolindegia eta Zerupe hotela.

Zigilua sei kontzeptutan oinarritzen da, zehazki, bertakoen eta turisten errespetuan; aniztasunaren eta berdintasunaren defentsan; ingurunearen, paisaien eta natur baliabideen babesean; bertako produktuak eta kultura zaintzean; Unescok Gizadiaren Kultura Ondare izendatutako baliabide turistikoen babesean, eta turismo-sektorea eta bere profesionalak zaintzean. Hori horrela, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi du Zarauzko Udalarentzat "oso baliagarriak" direla horrelako programak, "elkarlan publiko-pribatua sustatu", "enpresen lehiakortasuna hobetu" eta, aldi berean, "bizikidetza edo errespetua bezalako kontzeptuak lantzen laguntzen duelako". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide