Zarauzko boleibol taldeak lehiaketetan murgilduta dabiltza egunotan, eta kluba gustura da ligaren hondarrean taldeak erakusten ari direnarekin: "Argi dago Aidean ZKE bolei kluba bikain iritsi dela ligaren amaiera une honetara".
Batetik, Aidean ZKE boleibol taldeak jubenil mailako Euskadiko Txapelketan parte hartu du aste honetan. Asteazkenean Deustuko Unibertsitateko Jainkoaren Ama ekipoaren aurka lehiatu zen nesken taldea, Gipuzkoako sailkapenetan parte hartu zuten talde guztiak mendean hartu ondoren.
Lehendabiziko set-ean 25-22 eta bigarrenean 21-25eko emaitza izan ondoren, hirugarren bat jokatu zuten, eta azkenean, 15-10eko emaitzarekin partida galdu zuten zarauztarrek. Dena den, arduradunak pozik daude taldeak egindako lanarekin: "Kanporatuak izan ziren goi mailako txapelketa batean izandako lehen esperientzian, baina argi eta garbi utzi zuten neskek maila ederra dutela eta talde sendoa dela. Gipuzkoako ligako hurrengo fasera ere pasa dira 3-0eko emaitzarekin".
Bestetik, talde gehiago ere sailkatu dira Euskadiko Txapelketarako: mutilen junior taldeak, esaterako, igande honetan jokatuko du partida Galdakao BT taldearen aurka, 11:30ean, Bizkaiko herrian.
Aidean Salbatore Mitxelena gizonezkoen kadete taldeak Lekeition (Bizkaia) jokatuko dituzte kanporaketak datorren astean, apirilaren 12an, larunbatarekin. Karmeldarrak Sua taldearen aurka lehiatuko dira.
Azkenik, emakumezkoen Gipuzkoako kadete txapelketan ari da lehian Aidean Salbatore Mitxelena, D multzoko azken fasea/play off bigarren postua jokatzen.