Denboraldiaren balorazio positiboa egin du ZKEko xake atalak

Intza Trula 2025ko api. 4a, 11:00

ZKEko xakelariak larunbatean, azken jardunaldiko partidak jokatzen. (ZKE)

Larunbatean jokatu zuten Zarauzko xakelariek ligako azken jardunaldia. Bigarren taldeak ezin izan dio mailari eutsi, eta hirugarren mailan jokatuko du datorren denboraldian.

Amaitu da denboraldia ZKEko xakelarientzat, joan den larunbatean jokatu baitzituzten aurtengo ligako azken partidak.

Zarauzko bigarren mailako taldeak berdinketa eskuratu zuen bertan, baina, tamalez, emaitzak ez dio balio izan mailari eusteko. Hori hala, hirugarren mailan jokatuko du datorren denboraldian. Jorge Feijook eta Iñaki Altzibarrek bildu zituzten puntuak talde horretan; izan ere, Iñaki Buruntzak eta Xabier Arrilaga Piratak galdu egin zituzten beraien partidak. Preferente mailan, 1-3 galdu zuten ZKEkoek. Andoni Etxabek lortu zuen taldeko garaipen bakarra, Jon Lertxundik, Daniela Veltek eta Amets Eletak ez baitzuten irabazterik lortu.

Talde bat mailaz jaitsi bada ere, denboraldiaren balorazio positiboa egin du ZKEko xake atalak: "Azken unera arte bigarren mailan mantentzeko aukera izan du". Preferenteen taldeari dagokionez, "espero baino emaitza hobeak" eskuratu dituztela dio klubak. "Itxaropentsu gaude, gazte asko animatu baitira xake ikastaroetara", egin dute azpimarra.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide