Gutun irekia Zarauzko Udaleko EAJ eta PSEri.
Dagoeneko denok dakigu Gukarekiko zer erabaki hartu duzuen Zarauzko Udalean. Eta Gukak argi, errespetuz eta egoki erantzun du bere gutunean.
Postura politiko onargarria izanik ere, guraizeak honetarako ateratzea tristea iruditzen zait niri, eta erabilitako argudioek auzo-lotsa sentiarazten dute. Inaxio llarramendik, udalaren gastu maila oso altua omen dela, gerrikoa estutu beharra dagoela. Eta Garbiñe Oiarbidek, mozketaren arrazoietako bat Gukaren jarduteko moduarekin ados ez egotea dela: ez omen zaudete konforme Gukak ikus-entzunezkoetan Zarautzi egiten zion arretarekin. Diru gutxiagorekin hobeto egin dezakete, ala? Txilikuk Gukako bere zutabe (ohi bezain) dotore eta zorrotzean esan zuen bezala, zer da, "zakur leiala izanez gero jango duzu, baina zaunka egiten baduzu ezta ogi papurrik ere?".
Nik ez dut esango ados nagoen ala ez Gukak honi eta hari egiten dien jarraipenarekin, ez baita hori kontua. Kontua hori baino askoz inportanteagoa eta oinarrizkoagoa da: politikari batek, edozein koloretakoa izanda ere, ez luke kazetaritza baloratu behar harekiko duen adostasun mailaren arabera (ezta kultur ekoizpena ere, bide batez esanda). Horrek igual balioko du politikarako, baina irizpide kultural ezin pobreagoa azaleratzen du. Are gehiago, baita arriskutsua ere. Kazetaritza ez dago politikaren zerbitzaruko; izatekotan, haren kontrolerako dago.
Politikariek eskatzen diguzue, nahiz eta zuen erabaki askorekin ados ez egon, nahiz eta tarteka ikusarazten dizkiguzuen saltsa-maltsa eta hitz egiteko moduek gogoa kentzen duten, erakundeak eta zuen jarduna errespetatzeko. Konforme, erabat. Baina, arraioa, ederrak zaudete zuek itsuari argi egiteko.
Hemen, etxeak, tren azkarrak eta obra handiak ondo egin behar dira, eta horretarako diru asko jarri behar da. Alaporai gerrikoak eta denak. Eta norbaitek ulertzen ez badu, aizu, denen gustura ere ezin egingo dugu ba! Baina hemen, kultura, artea eta kazetaritza ondo egin behar dira, eta ahal bezain diru gutxien gastatuta. Eta egiten dutena gustatzen ez bazaigu, are diru gutxiagorekin egin dezatela.
Errespetu osoz, ez nago konforme.
Kazetaritzari hegoak mozten dizkionak bere burua pobretzen du. Hau denontzat da kaltegarri.