'Sendabelarrak ezagutuz' egitasmoa egingo dute Merkatu Plazan

Aritz Mutiozabal 2025ko mar. 25a, 10:30

Sendabelarretan aditu Ainitze Sala. (Tolosako Azoka)

"Garaikoa eta bertakoa indartze aldera" antolatu du Merkatua Bizirik elkarteak, larunbat arratsalderako. Ainitze Salak gidatuko du jarduera.

Merkatua Bizirik elkarteak Sendabelarrak ezagutuz egitasmoa antolatu du larunbat arratsalderako. Sendabelarretan aditua den Ainitze Sala lazkaotarra izango da gidari, eta udaberrian sartu berritan, garaiko landareekin egingo du saioa, hala nola hilena, asuna, txikoria, milorria eta plantainarekin.

Merkatu Plazan bertan izango da, eta pare bat orduko saioa izatea aurreikusten dute, 17:30ean hasita. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, "garaikoa eta bertakoa indartze aldera" bideratu nahi dute jarduera.

Aipatu sendabelarrak landu ondoren, infusio, egosaldi eta, bide batez, sendabelarren sustrai, hosto eta loreak lantzen ikastea da asmoa. Horrez gain, ukenduak egiteko ere baliatuko nahi dute arratsaldea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide