Zarauzko Udalak, Zirika euskara elkarteak, UEMAk, Euskaraldiko Batzordeak eta Zurekin ostalarien elkarteak bat egin dute, eta Eskatu eta zerbitzatu kafea euskaraz! kanpaina jarri dute martxan. Euskararen erabilera bultzatu nahi dute ostalaritza arloan, eta hasteko, ariketa kafearen bueltan egitea, "euskara ezagutza handirik" ez duelako eskatzen. Kanpainaren Saiatu. Erraza da. Ez dago euskaraz ondo jakin beharrik hasteko leloarekin ere mezu hori zabaldu nahi dute.
Kafearen inguruko oinarrizko hiztegitxo bat prestatu dute euskararik ez dakiten ostalarientzat; paperean zein euskarri digitalean plazaratu dute, establezimenduetako langileen artean zabaltzeko. Halaber, kanpainaren berri emateko ikus-entzunezko bat ondu du Zirikak, herritarrek euskaraz eskatzera animatzeko.
Kanpaina hau maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren beroketa-ariketa izango da, eta ahobiziak eta belarriprestak entrenatzeko erabiliko dute. Dagoeneko herriko taberna eta jatetxe askok eman dute izena, eta oraindik batu ez direnek Euskara Zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan (Kale Nagusia 29), euskaraz@zarautz.eus helbidera idatzita.
"Aldaketa eragin"
“Herritarren artean jarrera eta jokabide aldaketa bat eragitea da helburua: euskaldunak euskara gehiago erabiltzera animatu, eta euskararik ez dakitenak euskarara gerturatu”, azaldu du Irune Urbieta Euskara zinegotziak. "Argi daukagu euskararen erabileran aurrera egingo bada, herritar guztiok elkarrekin eta elkarri lagunduz egingo dugula aurrera”, gaineratu du.
Horretarako, bakoitzak bere hondar alea jarri behar duela azpimarratu du Euskara zinegotziak: "Euskaldunak bere hizkera egokitu beharko du, erraztu, mantsoago hitz egin, ondo ahoskatu…, eta euskararik ez dakienak ere entzuteko eta ikasteko jarrera eduki beharko du". Bide batez, eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartzera animatu diren establezimenduei eta bertako langileei, baita kanpainarekin bat eginez, "tabernetan euskaraz eskatzera animatzen diren bezeroei” ere.