Lehenengo edizioko arrakastaren ostean, Appa Zarautz ekimena antolatu du bigarrenez Zarauzko Udalak, eta astelehenean ekingo diote galdera-erantzunen jolasari. 2023an egin bezala, aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarekin elkarlanean antolatu du lehiaketa, eta apirilaren 10era arte iraungo du.
Hori hala, martxoaren 24tik apirilaren 10a bitarte, egunero, Agenda 2030 plangintzaren eta mugikortasun jasangarriaren inguruko galderak erantzun beharko dituzte parte hartzaileek. Horretarako,CodeSyntax enpresak gauzatutako Appa Zarautz izeneko aplikazioa deskargatu beharko da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaileen artean sari bat zozkatuko dute egunero. Halaber, ekimenaren amaiera ekitaldian familientzako beste bost sari berezi banatuko dituzte.
Zarauzko Udaleko alkate Xabier Txurrukaren esanetan, ekimenari esker "2030 Agenda eta bertan lantzen diren 17+1 Garapen iraunkorreko helburuak zuzenean zarauztarrekin lantzeko aukera" dute. Hori hala, berak dio 2030 Agendaren "gidalerro estrategikoak herri mailan txertatzeko" baliatu nahi dutela jolasa. Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza planaren barruko ekimena da, eta Zarautz 2030 Plan Estrategikoa hedatzeko ekintzen programan ere badago.
Lehendakaritzako Komunikazio eta Berrikuntza Sozialeko Idazkaritza Nagusiko kide Mikel Hidalgoren iritziz, 2030 Agenda markoa "oso egokia da erakunde, gizarte eragile eta herritarren arteko lankidetzazko gobernantza sustatuz, proiektu partekatuen bidez komunitatea indartzeko". Horrez aparte, "balore demokratiko sendoetan oinarritzen den komunitatea sustatzeari" garrantzi handia ematen dietela azpimarratu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategiako zuzendari Iosu Arraizek dio aldaketa "gertutik eta egunerokotasunetik" hasten dela. Hori horrela, ekimenak "herritarrei eraldatzeko prozesuan parte hartzeko aukera" ematen diela iritzi dio, "2030 Agendaren helburuekin bat eginez eta ongizate komunari modu aktiboan lagunduz".
Lehen edizioa gazteei zuzendutakoa izan zen; aurtengoa, ordea, familiei, lagun taldeei eta norbanakoei bideratutakoa izango da.