Emakumeen errugbiari bultzada eman nahian, azken hilabeteotan topaketak antolatzen dabiltza Gipuzkoako Errugbi Federazioa eta Euskadiko Errugbi Federazioa. Zarautz Rugby Taldearekin lankidetzan, Astiko zelaian egingo dute datorren saioa: zehazki, bihar egingo dute, 11:00etatik aurrera, eta kirola ezagutzeko interesa duen oro animatu dute parte hartzera.
Zarautz Rugby Taldeko presidente Mikel Larrañagak kontatu du Euskadiko Federazioak "hutsune" bat sumatzen duela emakumeen errugbian: "Euskadi mailan askoz ere fitxa gehiago daude gizonezkoetan emakumezkoetan baino". Hori horrela, egoerari "buelta ematen" hasi nahi dutela dio, eta urtean zehar hainbat topaketa antolatu dituzte emakumeak, gazteak zein helduak, kirol horretara gertura daitezen: hain zuzen ere, Donostian egin zuten lehenengoa, bigarrena Zarautzen izango da, eta oraingoz hitzartuta dituzten azken biak Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eta Mutrikun (Gipuzkoa) izango dira.
Parte hartzeko 13 urtetik gora eduki behar dira, eta izena emateko mahaia bihar bertan jarriko dute Astiko errugbi zelaian. Inskripzioarekin batera, gainera, egun osorako asegurua izango dute parte hartzaileek, "edozer pasaz gero egoerari modu egokian erantzun ahal izateko". Halere, Larrañagak aitortu du asegurua "badaezpada" egingo zaiela kirolariei; izan ere, "ez da inolako kolperik egongo partidetan, errugbia ezagutu eta oinarrizko arauak ikastea izango baita helburu nagusia". Bost pertsonako taldeetan jokatuko dituzte partidak, eta zelaia bitan banatuko dute, bi joko eremu sortuz.
Ahaleginean
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez ezik, Zarautzen ere bazegoen emakumeen errugbian hutsune nabarmena, ez baitzen talderik osatzen duela hiru hamarkadatik. Larrañagaren arabera, "baziren hainbat zarauztar" emakumeen talde bat osatzeko nahiarekin, eta irailean hasi ziren proiektu horri bide ematen.
Talde "sendoago" bat osatzeko asmoz, Lasarteko taldearekin jarri zen harremanetan Zarauzko kluba, eta haiek ados agertu ziren bi herrien artean talde bat osatzearekin. Asteazkenero entrenatzen dute ordutik, Lasarteko zelaian. Hala ere, Larrañagak esan duenez, asmoa da "eguraldia hobetzen doan heinean" bi astetik behin Astin entrenatzea.
18-55 urte inguruko jokalariek osatzen dute taldea, eta Aner Larrañaga eta Unai Elustondo zarauztarren gidaritzapean aritzen dira. Larrañagak argitu duenez, hasiera batean ez dute txapelketetan lehiatzeko asmorik, eta elkartzearen xedea da "errugbian jokatzea, gustura egotea eta topaketetan parte hartzea, emakumeen errugbiak berriro ere Zarautzen oihartzuna izan dezan".