Hondarribiko XXV. Traineru Jaitsieran lehiatuko dira ZAEko bi ontziak

Aritz Mutiozabal 2025eko martxoaren 15a

Zarauzko trainerua Oriako jaitsieran. (Onintza Lete Arrieta)

Gaur arratsaldean jokatuko da erlojupeko estropada, 16:00etatik aurrera. Bihar batelen zortzigarren jardunaldia izango da Getarian.

Asteburu polita dute aurretik Zarautz Arraun Elkarteko neska-mutilek. Enbataren bi traineruak Hondarribiko uretan izango dira gaur arratsaldean, neguko lanekin jarraituz, eta bihar, berriz, harrobiaren txanda izango da Getarian, batelen jardunaldi berrian.

Hondarribiko XXV. Traineru Jaitsiera izango da jokoan arratsaldean, 16:00etan hasita, eta, guztira, 36 ontzik hartuko dute parte, beterano, emakume eta gizonen kategorietan banatuta. ZAEk ordezkari bana izango du bi maila gorenetan.

Traineru test entrenamendu gisa izendatu dute proba, eta erlojupeko estropada izango da. Zarauzko emakumeak hirugarrenak izango dira abiatzen beren kategorian 16:12an; gizonezkoak, berriz, seigarren beraienean, 16:24an.

Bestalde, igande goizean, Gipuzkoako Batel Ligako zortzigarren jardunaldia izango da jokoan. 10:30etik aurrera, gazte mailetako Zarauzko hainbat ontzi ariko dira lehian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide