Pasa den larunbatean Legazpin (Gipuzkoa) jokatu zen judoko nazioarteko txapelketan lehiatu ziren Judo Klub Lizardi-Zarautzeko judokak. Euskal Herriko, Errioxako, Aragoiko, Madrilgo eta Andorrako judokekin neurtu ziren zarauztarrak, judoka gazteei zuzendutako txapelketa hartan.
Bederatzi lagunekin hartu zuen parte Zarauzko klubak hitzordu hartan, eta lortutako emaitzak pozik egotekoak dira. Johana Floresek urrezko domina lortu zuen 57 kilo baino gutxiagoko kategorian. Emaitza bera lortu zuen Martxel Eizagirrek 66 kilo baino gehiagokoan. Zarauzko klubak hiru brontzezko domina ere lortu zituen Dana Chacinen –63 kilo baino gehiagoko kategorian–, Izarbe Fernandez –48 kilo baino gutxiagokoan– eta Tony Marveggioren –66 kilo baino gehiagokoan– eskutik. Snayder Salgado eta Yuri Arruti bosgarren izan ziren 55 kilo baino gutxiagokoen eta 42 kilo baino gutxiagokoen kategorian, hurrenez hurren. Jone Lizarraldez, aldiz, zazpigarren izan zen 48 kilo baino gutxiagoko kategorian. Eñaut Eguzkizak, bere aldetik, ez zituen liga hasierako bi borrokak gainditu.
Espainiako txapelketa, martxoaren 29an
Lizardi-Zarautz klubeko judokek beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute hilabetea amaitu baino lehen. Martxoaren 29an Iruñeko (Nafarroa) Arena pabilioian gazte mailako Espainiako txapelketa jokatuko dute, eta bertan izango dira Zarauzko judo klubeko bi borrokalari: Naiara Villasante Ruiz de Gauna eta Lore Austing Garate, hain zuzen ere. Lehena federakuntzak gonbidatuta joango da Iruñera, 70 kilo baino gutxiagoko egungo txapeldun izateagatik. Bigarrena, aldiz, Espainiar Estatuan egin diren kopa desberdinetan aritu da, eta rankineko bigarrena da gaur egun. Horrek txapelketan aritzeko aukera eman dio.