Esteban Orozen erakusketa berria zabalduko dute Arkami galerian

Julene Sorarrain 2025ko mar. 16a, 09:00

Esteban Oroz margolaria. (utzitakoa)

Martxoaren 19tik aurrera egongo da ikusgai margolari etxauriarraren mostra. Orozen pintura figuratiboa bezala definitzen da, eta "intuizioari jarraituz" sortzen ditu artelanak, izan ere, ez baititu estiloak, modak eta joerak atsegin. 

Esteban Oroz margolari etxauriarraren erakusketa aurkeztuko dute martxoaren 19an, asteazkenarekin, Arkamin. Arratsaldeko 18:30etik aurrera zabalduko dute galeria, eta bertaratzen direnek artistarekin hitz egiteko aukera izango dute. 

Orozen pintura figuratiboa bezala definitzen da, eta "intuizioari jarraituz" sortzen ditu artelanak, izan ere, ez baititu estiloak, modak eta joerak atsegin. "Ezinbestekoa" iruditzen zaio bere koadro bakoitzean argia menderatzea; hau da, argi naturala interpretatzea eta islatzea; hortaz, bere artelan ezberdinak lotzen dituena argia dela esan daiteke.

Hainbat teknika lantzen ditu, besteak beste pastelak, akrilikoak, akuarelak eta olioak. Gainera, hainbat gai jorratu ditu bere ibilbidean zehar: paisaiak, erretratuak edota itsasoko irudiak. Horietako hainbat izango dira ikusgai Arkamin. 

Zarauzko Torre Luzeako sarrera, Orozen margolan batean. (utzitakoa)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide