Espainiako Txapelketa jokatuko du Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak errugbi taldeak

Intza Trula 2025ko mar. 13a, 15:30

Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldea. (Utzitakoa)

Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatuko dute 18 urtez azpiko txapelketako lehen sailkapen fasea, martxoko azken asteburuan. "Neurketa zailak" izango direla jakitun, taldea "motibatuta" ikusten du Zarautz Rugby Taldeko presidente Mikel Larrañagak.

Iaz Euskadiko Txapelketa irabazita, beste pauso bat eman du Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak errugbi taldeak, eta 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu du. Une honetan, Euskadiko Ligan bigarrena da Zarauzko taldea, Hernaniren atzetik, eta bi horiek dira Espainiarako Txapelketa jokatzeko sailkatu direnak. Martxoaren 29an eta 30ean izango dute lehen sailkapen fasea.

Orotara, Espainia osoko hamasei talde sailkatu dira lehen fasera, eta lau multzotan banatuko dituzte. Multzo batek Bartzelonan jokatuko ditu neurketak, eta besteek Madrilen, Andaluzian eta Valentzian (Herrialde Katalanak) egingo dute. Bultza Beltzak azken multzo horretan izango da, Jose Larrañaga entrenatzailearen gidaritzapean.

Aurkariak ezagutzeke

Hiru aurkari izango ditu, eta oraingoz Valentziako Les Abelles taldea da ezagutzen duen bakarra; izan ere, beste biak erabakitzeko daude oraindik. Madrilgo eta Bartzelonako sektoreetako lehen postuak zehaztu gabe daude, eta liga horietatik aterako dira azken bi aurkariak.

Hala, lau multzo horietako lehen lau talde onenek egingo dute aurrera, eta  finalerdietara sailkatuko dira; gainerakoak, Espainiako Txapelketatik kanpo geratuko dira zuzenean. Zarautzek irabaziko balu, Bartzelonako multzoko irabazlearen aurka jokatuko luke finalerdia –zozketa bidez erabakiko da etxean ala kanpoan izango den partida–, apirilaren 5ean edo 6an. Final handia, berriz, Valladoliden (Gaztela eta Leon) izango da, apirilaren amaieran.

Taldea "motibatuta" ikusten du Mikel Larrañaga Zarautz Rugby Taldeko presidenteak, nahiz eta oinak lurrean dituzten: "Zaila izango da, eta kontziente izan behar dugu neurketak gogorrak izango direla". Aitortu du Espainiako Txapelketara sailkatzea ez zela taldearen denboraldi hasierako helburuetako bat, baina pausoz pauso emaitza onak lortzen joan direla: "Pixkanaka egin dugu gorantz, helburu txikiak betez eta beste batzuetan huts eginez".

Hori horrela, presidenteak taldekideek "esperientziaz goza dezaten" desio du, "honaino heltzea harro egoteko modukoa baita, eta hori beraiek irabazi dute". "Berdin dio lehenengo postuan amaitu edota laugarren egin, gozatu beharra daukate maila horretako txapelketara heldu izana", egin du azpimarra Larrañagak.

Kamisetak salgai

Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak errugbi taldeari Espainiako Txapelketan babesa emateko elastikoak atera ditu klubak. Dagoeneko salgai daude, eta interesa dutenek 10 euroan eskura ditzakete Astiko dendan, Basarri tabernan edota klubaren Instagram edo Facebook kontuetara idatzita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide