Gutuna

"Gure herritarren irisgarritasun eta segurtasun beharrak ez dira behar bezala betetzen"

Vista Alegre Auzo Elkarteko Mugikortasun Batzordea 2025ko mar. 12a, 13:15

Zarauzko hiribus zerbitzua (Guka)

Hiribusaren inguruko kezkak adierazi nahian, Vista Alegre Auzo Elkarteko Mugikortasun Batzordeak ondorengo gutuna helarazi du.

Vista Alegre Auzo Elkarteko Mugikortasun Batzordeak, Zarauzko udalerrian gaur egun dagoen autobus-zerbitzuaren egoeraz kezkatuta, gure herritarren irisgarritasun eta segurtasun beharrak ez direla behar bezala betetzen salatu nahi ditugu. Gure auzoko eta herriko biztanleek jasaten ari diren arazo larriak azaleratu eta konponbideak eskatzeko helburuarekin, honako puntu hauek nabarmendu nahi ditugu:

  1.  Autobusen egokitzapen eza: autobusak ez dira Zarauzko beharretara egokitu; aitzitik, auzoak eta herritarrak moldatu behar izan dira autobusen mugikortasun arazoetara. Irisgarritasun falta larria da, eta horrek eragina du bereziki adineko edo mugikortasun murriztua duten pertsonengan.
  2. Autobusen erosketa eta proba falta: udalak autobus berriak erosi zituen herriko beharrak aztertu eta probatu gabe. Ondorioz, herritarrak zerbitzu murriztuekin geratu dira, eta auzoetako autobus-buelta batzuk kendu egin dira, Vista Alegre bezalako auzoetan eragin handia izanik.
  3. Geltokien kokapen desegokia: geltoki asko biribilgunetan daude kokatuta, espaloietara hurbiltzeko aukerarik gabe. Gainera, zebra bideen erdian dauden geltokiek segurtasun arazo larriak sortzen dituzte, eta zalantzan jartzen dugu legeak betetzen diren.
  4. Autobusen tamaina eta segurtasuna: autobus handiek arazoak sortzen dituzte auzoetan sartzeko orduan, eta horrek erabiltzaileen segurtasuna eta gidarien ongizatea arriskuan jartzen ditu.
  5. Bideen berrikuspena: bideak zuzenago eta eraginkorrago egiteko beharra dago, bueltak kentzeko ordez. Vista Alegre bezalako auzoek, behar gehien dutenek, zerbitzu egokiagoa merezi dute.

Elkarlana eta parte-hartzea: Arazo hau ez da Vista Alegreko auzokoa bakarrik; Zarauzko beste auzo eta herritar askok ere antzeko kezkak dituzte. Horregatik, gurekin harremanetan jarri nahi baduzue, idatz iezaguzu honako helbide honetara: juntavistalegre@gmail.com.

Vista Alegre Auzo Elkarteak, Zarauzko Udalari deia egiten dio, herritarren beharrak lehenetsi eta irisgarritasun, segurtasun eta zerbitzu egokiak bermatzen dituen mugikortasun-plana garatzeko. Gure herria guztiontzat irisgarriagoa eta seguruagoa izan dadin lan dezagun elkarrekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide