Asier Antunezek eta Udane Mujikak irabazi dute II. Klimb Open txapelketa

Intza Trula 2025ko mar. 9a, 08:00

Atzo jokatu zuten eskalatzaile afizionatuei zuzendutako txapelketa, Klimb rokodromoan. Gaur, berriz, Eskalatzaile Txikien Topaketa izango da bertan. 

Otsailaren 15ean maila goreneko eskalatzaileek jokatu zuten Klimb Zarautz Masters txapelketa; atzokoan, afizionatuen txanda izan zen. 09:00etatik hasita, II. Klimb Open txapelketan lehiatu ziren eskalatzaileak Klimb Zarautz rokodromoan. Udane Mugika eta Asier Antunez izan ziren txapeldunak.

Parte hartu zuten guztien artean, lehiakortasunaz harago, laguntasuna eta giro paregabea nagustu ziren. Guztira, 25 bloke izan zituzten egiteko, eta epaimahaiak bloke horietatik hemezortzi onenak izan zituen kontuan puntuatzeko.

Hori horrela, neskei dagokienez, bigarren eta hirugarren postuak Maddi Agirrerentzat eta Leire Monrealentzat izan ziren, hurrenez hurren. Mutilen kategorian, berriz, Mikel Cuerdak eskuratu zuen bigarren postua, eta Anxo Albisuk hirugarrena.

Gaur, topaketa

Asteburua agurtzeko beste hitzordu bat izango dute gaur Klimb Zarautz rokodromoan. Izan ere, iazko arrakastaren ostean, II. Eskalatzaile Txikien Topaketa antolatu dute. 09:00etatik aurrera egongo da zabalik rokodromoa, eta iluntzera arte gozatuko dute eskaladaz bertan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!