Alkate jauna eta udaleko ordezkariak,
Aitza kaleko 1. zenbakiko bizilagun-komunitatearen eta eragindako lokal komertzial guztien izenean, gure kalerako proposatutako egungo diseinuari gure gaitzespen irmoa adierazteko idazten dizuegu. Plangintza hori bidegabea izateaz gain, gure bizi-kalitatean eta inguruko merkataritza-jardueran ere eragin negatiboa duela uste dugu.
Arazo nagusia espazioaren banaketan datza: kalearen beste aldean oinezkoentzako portxe zabala, espaloi txukuna, bidegorria eta aparkalekuen aurretik kokatutako zuhaitzak egongo dira. Bien bitartean, gure aldean, espaloia besterik ez dugu edukiko eta hau erabat murriztuko da zenbait puntutan, eta oinezkoak, bizilagunak eta merkatariak desabantaila nabarmenean utziko dira. Horrek kotxe zirkulaziotik, zaratatik eta kutsaduratik gertuago egoteko arriskua dakar, eta guzti honek kalte egiten die gure etxebizitzen bizigarritasunari eta gure negozioen jarduerari.
Egoera hori zuzentzeko eta diseinu orekatuagoa lortzeko, hainbat alternatiba bideragarri proposatzen ditugu:
1. Kalea noranzko bakarrekoa bihurtzea, eta horrek espazioa libratuko luke gure aldera emateko mugikortasuna arriskuan jarri gabe. Herri osoan zehar egon dira azken urteetan bi norabidetako kaleen aldaketak norabide bakarrekoak bihurtuz. Tendentzia hau bada, pentsatu epe luzean eta egin zuzenean norabide bakarrekoa.
2. Aurreikusitako zuhaitzak gure espaloira eramatea, babes marjina eta ingurumen kalitatea irabaziz.
3. Beste aldeko oinezkoentzako espazioaren zati bat aprobetxatzea, bertan gutxieneko espaloi bat mantenduz (portxe zabala dute aparte) eta eremua gure aldera birbanatuz.
4. Aparkalekuen diseinua aldatu. Hauek lerroan jarriz gero, galera sei plaza eskasekoa izango litzateke, baina espazio tarte esanguratsua irabaziko litzateke.
5. Gure aldeko aparkalekuak kentzea, horrek aukera emango bailuke gaur egungoaren antzeko espaloi zabalera mantentzeko.
Gutun hau ez da gutxi batzuen ahotsa bakarrik, baizik eta hiri-diseinu bidezkoagoa eta jasangarriagoa eskatzen duen komunitate baten aldarrikapen bateratua. Espero dugu udalak gure eskaerak kontuan hartuko dituela eta Aitza kaleko 1. zenbakiko bizilagun eta lokal komertzial guztien ongizatea bermatuko duen konponbidean lan egingo duela.