Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako Gela kultur hedapenerako programak bihar arratsaldean izango du jarraipena. Josetxu Silgo idazleak Y al fin volar argazki erakusketaren inguruko hitzaldia emango du, baita horren harira ondutako liburua aurkeztu ere. 18:00etan hasiko da ekitaldia Photomuseumen, gazteleraz eta doako sarrerarekin.
"80ko hamarkadan eta 90eko hamarkadaren hasieran, nire argazki kamerarekin joaten nintzen alde guztietara. Paisaiei, pertsonen, ekitaldien eta abarren 5.000 argazki baino gehiago atera nituen urte horietan guztietan", dio Silgok. Argazki negatibo horiek "maleta batean gordeta" eduki ditu urte hauetan zehar, eta 35 urte beranduago aurkeztu ditu jendaurrean. Guztietatik "maiteen" dituen argazkiak anai-arrebekin eta amarekin Tenerifera egindako bidaietakoak dira.
Azken emaitza 31 argazkiz osatutako bilduma bat da, lau kapitulutan banatuta. Egilearen esanetan, "uda luze horietako esperientzia" barnebiltzen dute: "Itsasoa, uhartea, familia eta emakumea", hain zuzen ere.