Amaitu dituzte Barren plazako lanak

Intza Trula 2025ko mar. 6a, 13:00

Barren plaza, lanak amaituta. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udaleko lorezaintza zerbitzuko langileek hainbat espezieetako landareak jarri dituzte egunotan, eta amaitutzat eman dituzte berdegunearen lanak.

Zenbait asteren ondoren, prest dago Barren plazako lorategi berria. Urtarrilaz geroztik obretan egon da plaza, eta, egunotan, Zarauzko Udaleko lorezaintza zerbitzuak azken ukituak eman dizkio berdeguneari, hainbat espezieetako landareak jarriz.

Corten altzairuz inguratuta dago lorategi berria, eta, bertan, espezie ezberdinetako landare apaingarriak aurki daitezke. Udalaren esanetan, "baldintza guztietara egokitzen diren eta ur askorik behar ez duten" landareak aukeratu dituzte; hala nola Palmondo nanoak (Chamaerops humilis), Zikak (Cycas revoluta), Zeelanda Berriko Linoak (Phornium), Muhlenbergia capillarisak eta Carex testaceak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide