Eskaintza zabalarekin dator aurten ere Lege Berria kolektiboa

Julene Sorarrain 2025ko mar. 6a, 12:00

La URSS taldearen kontzertua, Lege Berriaren apirileko ekitaldian. (Lege Berria)

DJ saioak, kontzertuak eta bigarren urteurrena antolatu ditu kolektibo zarauztarrak bigarren denboraldirako. Datorren hitzordua apirilaren 12an izango da, larunbatarekin, Hiruputzun, eta Silitia eta Armosu taldeak igoko dira oholtzara.

Dagoeneko martxan da Lege Berria kolektibo zarauztarra eta aurten ere eskaintza zabala ekarri du bigarren denboraldirako. Otsailean izan zuten urteko lehen ekitaldia, Sal del coche eta Demo Rally taldeen eskutik, eta hurrengo hitzordua ere jakinarazi dute jada.

Apirilaren 12an, larunbatarekin, Silitia eta Armosu artistek girotuko dute Hiruputzu gaztetxea. Silitia Ibai Silicato eta Xabier Barrutia bikote bizkaitarrak osatzen du, eta beren burua “brioche pop” bezala definitzen dute. Besteak beste, funk, post punk eta 80. hamarkadako generoak lantzen dituzte. Armosu talde bakiotarrak, bestetik, iazko ekainean aurkeztu zuen Zer Ostondu EP-a, eta kontzertura gerturatzen direnek azken laneko abestiak entzuteko aukera izango dute.

Maiatzaren 2an, aldiz, Error de paralaje eta Bellum artisten txanda izango da oholtzara igotzeko. Error de paralaje Granadatik (Espainia) dator, eta punk doinuak jorratzen ditu. Talde hau ohiko instrumentuetatik atera eta esperimentatzeko asmoz sortu zuten. Bellum, aldiz, Getariako lagunez osatutako hirukotea da, eta post punk musika lantzen dute beren abestietan.

Aurten, lehenengo aldiz, Clubbing Lege Berria aurkeztuko dute, ekainaren 14ean. Ekitaldi honetan hainbat DJ saio eskainiko dituzte gau osoan zehar, eta aurrerago zehaztuko dituzte artista horien izenak.

Denboraldiari amaiera emateko, iaz bezala, kolektiboak bere urteurrena ospatuko du uztailaren 26an. Ekitaldiaren informazioa, ordea, aurrerago zehaztuko dute, baina herritarrek dagoeneko gorde dezakete hitzordua. Kontzertu guztietarako sarrerak momentuan bertan erosi ahalko dira gaztetxean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide