Kalean da Zarautz Guka aldizkariaren lehen zenbakia

Erredakzioa 2025ko mar. 7a, 07:00

Zarautz Gukaren azala, mugikor bateko pantailan.

Aurrerantzean, Zarautz Gukaren bazkideek hilero jasoko dute Zarautz Guka aldizkaria. Argitalpen berriak badu berrikuntza nabarmen bat: digitala da. Horrek esan nahi du, batetik, paperezko aldizkariak baino askoz jasangarriagoa dela, eta bestetik, hainbat formatutako edukiak hartzeko gaitasuna duela; idatzikoak, audioak eta bideoak, hain zuzen. Egin bazkide eta gozatu Zarautz Gukaz!

Azkoitian, Azpeitian, Aia-Orion eta Zumaian bazuten, eta gaurtik aurrera, Zarautzen ere badute herriko berri jasotzen duen hilabetekaria. Zarautz Guka aldizkariaren lehen zenbakiak gaur ikusi du argia, eta hemendik aurrera, hilero-hilero –abuztuan ezik– izango dute eskura Zarautz Gukaren bazkideek.

Iritzi artikuluak, erreportajeak, elkarrizketak, argazki erreportajeak eta askoz gehiago bilduko ditu argitalpen berriak, eta horien guztien protagonistak Zarautz eta zarauztarrak izango dira. Zarautz Guka aldizkaria, baina, erabat berritzailea izango da euskarritik bertatik hasita; izan ere, aldizkari digitala izango da. Horrek esan nahi du bazkideek ez dutela etxeko buzoian jasoko aldizkaria; zarautzguka.eus webgunean eta Guka aplikazioan izango dute eskura hilabete bakoitzeko aurreneko ostiraletik aurrera. Hain zuzen ere, bazkideek webgunean logeatuta egon beharko dute zarautzguka.eus/prentsa atalean eskegita egongo den aldizkariaz gozatzeko. Guka aplikazioan, berriz, logeatuta –izen-abizenez erregistratuta– egon beharko dute, eta Aldizkariak atalera joan.

Euskarri berritzailea

Zer onura ditu aldizkari digitala izateak? Bat oso nabarmena, askoz jasangarriagoa dela paperean ekoitzitako aldizkariak baino; eta bestea, hainbat formatutako edukiak hartzeko gaitasuna duela: idatzizkoak, audioak zein bideoak.

Gaur argia ikusi duen lehen zenbakian, esaterako, hainbat eratako edukiak datoz: Aritz Mutiozabalen, Elaia Aizpuruaren, Alex Gurrutxagaren eta Javier Aranbarriren idatzizko iritzi artikulu bana; Imanol Epeldek Aner Peritzi bidali dion audio mezu bat, Santa Barbaratik Zarautzi begira jarrita bururatu zaizkion hausnarketekin; itsasoaren mailak gora egiteak herrian izan ditzakeen ondorioen inguruko idatzizko erreportaje zabal bat; Miriam Mendoza ipuin kontalariari egindako bideo elkarrizketa bat; Alba Aristi baserritarrari bere ofizioaz egindako bideo elkarrizketa bat, Goretti Aranburu ilustratzaileak Aristien ilustrazioa egiten duen bitartean; Iñigo Beitia Eraso! musika taldeko bateria jotzaileari egindako bideo elkarrizketa bat; Maria di Santo Zarauzko Argazkizale Elkarteko kidearen argazkiekin egindako erreportaje bat; lehiaketak eta zozketak; eta abar.   

Zarautz Guka aldizkariaren lehen zenbakia nahi duen orok ikusteko moduan dago zarautzguka.eus/prentsa atalean eta Guka aplikazioan, nahiz eta berez Zarautz Gukaren bazkideek bakarrik izango duten aldizkaria kontsumitzeko aukera. Hori bai, lehiaketetan eta zozketetan parte hartzeko aukera Zarautz Gukaren bazkideek bakarrik izango dute. Beraz, egin bazkide eta gozatu Zarautz Gukaz!    

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide