Ezagutu, baloratzeko eta maitatzeko

Mireia Galarza Bastida 2025eko martxoaren 5a

Otsaila amaieran egindako bileran taldeko kideek ateratako argazkia. (Oier Etxabe)

Zarauzko Ondare Kulturalaren Elkartea sortzeko hainbat bilera egin dituzte. Helburua da herritarren testigantzak jasotzea, Zarautzen gaur egungo bizimoduaz gain, bestelako eredu ekonomikoak zeudela biltzeko.

Zarauzko Ondare Kulturalaren Elkartea sortzen ari dira herrian hainbat eta hainbat norbanako, "XX. mendeko beste Zarautz bateko bizimoduaren lekukotzak jasotzeko asmoz". Igor Etxabe da taldearen sortzaileetako bat, eta haren hitzetan, gaur egun Zarautzen dagoen eredu ekonomikoarekin alderatuta, bestelakoa zen duela hamarkada batzuk herrian aurki zitekeen testuingurua: "Gaur egun aski ezaguna da Zarautz turismoari lotutako udalerria dela, baina atzera begiratuz gero, jabetu gaitezke XX. mendean industriak ere eragin eta pisu handia izan zuela".

Etxabek gehitu duenez, garai hartako bizipenak konta ditzaketen herritarrak geroz eta gutxiago dira, eta horregatik, "berandu baino lehen", jaso egin nahi dituzte. "Ez dugu Zarautz aldatuko, baina gutxienez jaso egingo dugu garai bateko errealitatea zein zen. Ez dena jasotzen ez da kontuan hartzen, eta kontuan hartzen ez dena ez da maitatzen", esan du hark.

Momentuz, elkarteko kideek bi bilera egin dituzte; lehendabizikoa, abenduaren 20an. Hitzordu horretan, asmoa izan zen galdetzea herritarrei ea indarrik edukiko luketen gisa horretako talde bat sortzeko, eta 35 pertsona inguru gerturatu ziren, "pentsatutakoaren aldean, askoz gehiago". Erantzun "arrakastatsua" ikusita, beraien jardunarekin aurrera jarraitzeko elkarte izaera hartzea hobetsi zuten, eta bi hilabete hauetan zeregin horretan ari da taldea: Erregistro Orokorrarekin harremanetan jarri, beharrezko agiriak eskuratu, horiek aurkeztu, elkartearen estatutuak zehaztu, taldearen eraketa akta sinatu, taldearen izena pentsatu…

Zarauzko Udalarekin ere jarri dira dagoeneko harremanetan, aurreikusten baitute etorkizunean lokal bat beharko dutela bilerak-eta egiteko. Bigarren bilera otsaila amaieran egin zuten, eta Etxabek gehitu duenez, "gauzatxo batzuk oraindik zintzilik badaude ere", ia sortuta dago elkartea.

Aurrera begirakoak

Aurrera begirako funtzionamenduari buruz galdetuta, historialari zarauztarrak aipatu du elkarteak bere osotasunean "kanalizazio lanak" egingo dituela. Izan ere, ondare kulturalaren barruan, bi talde bereizten ditu Etxabek: materiala eta immateriala. "Zarautzen badaude jada ondare hori lantzen duten talde asko, eta bakoitzak bere arloa du aztergai". Horregatik, "inori itzala egiteko asmorik gabe", talde horiekin "zubilanean" aritzea dute jomugatzat elkarte berriko kideek. "Gu geu ere autonomoki funtziona dezaketen azpitaldeetan antolatuko gara, geure artean ere lehentasun desberdinak izan ditzakegun kideak baikaude", azpimarratu du Etxabek.

Azpitalde horiek oraindik zehaztuta ez badituzte ere, epe motzean erabakitzea aurreikusten dute, eta testigantzak jasotzea izango da lehentasuna. Bilaketa lan horri jarraipena emateko, beste iturri batzuetara jotzeko asmoa ere badute taldekideek, baina hori aurrerago egitea erabaki dute. "Behin testigantzak jasotakoan, artxibo lana egitea litzateke hurrengo pausoa, baina horrek itxaron dezake, hor egongo dira gero ere eta", eman du aditzera historialariak.

Eta nola zabalduko dituzte herritarrengana jasotako emaitzak? Etxabek esan duenez, "askotarikoak" izan daitezke helburu hori betetzeko moduak. "Aukera asko ikusten ditugu. Lana aurreratuta dugunean liburu bat argitaratu daiteke; Zarauzko ikastetxeetarako unitate didaktikoak egin daitezke, ikasgaiekin osagarria izan daitekeen edukiarekin; dokumental bat ere egin daiteke, gaur egungo belaunaldiak irudiarekin oso lotuta baitaude; sakelako telefonorako aplikazio bat sortzea beste aukera bat da, mapa bat jarri eta erreferentzia historikoak txertatzen dituena; erakusketak edo museoak... Hilabeteak igaro ahala ikusiko dugu zer egin daitekeen jasotako edukiarekin".

Laguntzeko moduak

Etxabek garrantzi berezia eman nahi izan dio herritarren kolaborazioari. Haren hitzetan, oraindik edozein batu daiteke taldera, eta bakoitzak ahal duen neurrian laguntzeko aukera izango du, taldearekin "erre" gabe.

Gainera, bi figura mota sortzea aurreikusten dute. Bata, kuota bat ordaintzen duen bazkidea izango litzateke, elkartearen batzar orokorretan boza emateko aukera izango lukeena. Bestea, berriz, kolaboratzaile figura izango litzateke, eta hori ez litzateke hain lotuta egongo taldera: "Hitzaldi batera joan daitekeena, kontaktuak eman ditzakeena...".

Laguntzeko beste modu bat litzateke herritarrek etxean duten materiala taldeari uztea. "Testigantzez gain, herritar askok, adibidez, argazki pila bat izan ditzakete etxean, eta hori oso lagungarri izan daiteke guretzat". Dagoeneko, gainera, elkartearen berri izan duen norbanakoren bat edo beste beraiekin harremanetan jarri dela ere azaldu du Etxabek: "Zarautzen garai batean indar handia izan zuen altzarigintzak, Azpeitiarekin batera, eta fabrika batean erabiltzen zituzten makina batzuk ditu norbanako batek. Horrelakoak altxor bat dira guretzat, gure historia irudikatzen baitute".

Edozein dela ere kolaboratzeko modua, elkarteak eragin eremu ahalik eta horizontalena sortzea du xede, eta horiekin "luzaroan iraungo duen sare bat ehuntzea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide