Dejabu konpainiaren Itzulera antzezlana ikusteko sarrera guztiak agortu dira jada. Zarauzko Udalak urteko lehen seihilekorako prestatutako kultur programaren barruan antolatu dute ikuskizuna, eta martxoaren 21ean izango da, 20:00etan, Modelo aretoan.
Umorez, poesiaz eta akzioz betetako antzezlana da Itzulera. Auto-fikziozko obran taldeko kideek euren sormenaren eta identitatearen zentzua zalantzan jarriko dute. Hain zuzen ere, konpainiak 2024an Mexikora egindako bidaia kontatzen du eta nola bertan gertatutako egoera batek euren abenturaren norabidea aldatu zuen.
Zuzeneko road movie baten egitura du obrak, eta etengabe jokatzen dute errealitatearen eta fikzioaren artean. Eszenako aktoreez gain, zinemagile batek zuzenean irudiak sortu eta proiektatuko ditu, ikusleentzako emanaldi bakoitza esperientzia errepikaezin bihurtuz. Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilar dira taula gainera igoko diren aktoreak.