Zarauzko ikastolak Hartxintxar lasterketa antolatu du estreinakoz, herritarrak familian, lagunartean edota lankideekin korrika egitera animatuz. Martxoaren 29an izango da kirol hitzordua, eta izena emateko nahia dutenek dagoeneko zabalik dute horretarako aukera.
Lasterketa 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta guztira 3,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzen dutenek, ikastolako atarian hasi eta amaituta. Inskripzioa egiteko 12 euro ordaindu beharko dira, eta horretarako aukera kronoak.com helbidean dago.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, lasterketaren ondoren ikastolako aterpean jarraituko du festak; izan ere, jolasak eta zozketak egingo dituzte bertan, eta indarrak berreskuratzeko jan-edanerako aukera ere izango dute.