Bihar bost urte beteko ditu inauterietako Galtxagorrien jaitsiera-k, 2020. urtean egin baitzuen aurrenekoz kalejira berezi hori Zarauzko Jalgi dantza taldeak. Berrikuntzaren bat izango da, gainera, urteurren borobilean, baina ez urtemugagatik beragatik, beharrak bultzatuta baizik. Behar pozgarri batengatik, zehatzago esateko: "Gero eta ume gehiago dabiltza Jalgin, eta Galtxagorrien jaitsiera-n denentzat tokia egoteko, pertsonaia berri bat asmatu behar izan dugu: Gauargi", azaldu du Garazi Eizagirre Jalgiko kideak.
Izaki mitologiko horri buruzko xehetasunak ere eman ditu taldeak: "Gauargi gaueko argia da, iratxo onbera, gizakion laguna. Gauean norbait ezlekuren batean galduta ibiliz gero, etxera itzultzeko bidea aurkitu ezinik eta noraezean, Gauargi agertuko zaio, kriseilu bat eskuan, itzulbidea erakusteko". LH2 mailan dabiltzan gaztetxoak aterako dira pertsonaia horretaz mozorrotuta.
Kalejirako pertsonaia bakoitzak zeregin bat izaten du, "batez ere umeak entretenituta mantentzeko bidean zehar"; eta hala, galtxagorriak puxikekin ateratzen dira, Gauargi argitxo batekin aterako da, lamiak konfetiekin, sorginak belartxoekin ibiliko dira –baita Akerbeltzen atzetik ere–, eta jentilak, berriz, antortxekin.
Ohi bezala, Jalgiko kideek prestatu dituzte mozorro berriaren kanpoaldeko parteak edo kapak. "Pertsonaien ereduak erakusten dizkiegu familiei mozorroa nola prestatu jakin dezaten", baina gainerakoa, azpitik jantzi beharreko arropak, abarkak eta makillajea, familien esku gelditzen da. "Ehundik gora haur dira, eta ezinezkoa litzateke bestela", azaldu du Eizagirrek.
Taldekideak karroza prestatzen dabiltza egunotan. Benetako landareekin apainduko dute, eta Mari joango da gainean, kalejiraren aurretik: "Euskal kutsuko kalejira da gurea, hori da zabaldu nahi dugun irudia. Larunbatean konpartsa ateratzen da, baina askotan abestiak eta ez dira hemengoak izaten, eta guk horretan sakondu nahi izan dugu: euskal dantzez gain, euskal mitologia eta natura txertatu nahi izan ditugu kalejiran; gure sustraietara jo, azken batean", azpimarratu du Jalgiko kideak.
Herritar oro dantzara
Kalejira bihar 18:45ean abiatuko da musika eskolaren aurretik, eta ez da faltako zuzeneko musikarik, Jalgikoekin batera ibiliko baitira Zarautz Trik taldeko trikitilariak, Goizeko Ihintza txistulari taldekoak eta Zarakatun batukada taldekoak. Kasino kaletik barrena, Gipuzkoa kalera joango dira kalejiran, eta aurreneko geldialdia Frontoi Txikin egingo dute. Handik Kale Nagusira eta Musika Plazara jarraituko dute, pare bat dantza eginez, eta azkenik, Lege Zaharren Enparantzara iritsi, eta han egingo dute azken dantza saioa. Akelarrea egingo dute, eta fandangoa, arin-arina eta polka dantzatzeko aukera egongo da, baita kalejira egitekoa ere.
Eizagirrek azpimarratu du aurten bereziki "herria dantzan jarri nahi" dutela, eta horregatik, zarauztarrak gonbidatu dituzte inauterien hasierako hitzordu horretan dantza eginez parte hartzera: "Urtero saiatzen gara ekitaldia hobetzen, eta aurten pentsatu genuen interesgarria izango litzatekeela jendeak parte hartzea. Izan ere, geroz eta gogo handiagoa dago Zarautzen dantzarako". Kalean ez ezik, Jalgi dantza taldean ere nabaritu dute hori, Eizagirrek esan duenez: "Geroz eta eskaera handiagoa dago euskal dantzako ikastaroak jasotzeko, bai umeen partetik, bai helduen partetik". Urte askorako bedi.
260 herritar Galtxagorrien jaitsieran
Antolatzaileek emandako datuen arabera, 164 haurrek parte hartuko due biharko kalejiran, baita helduen ikastaroetan aritzen diren 75 dantzarik ere. Gainera, 21 gazte eta heldu ibiliko dira boluntario lanetan, antolaketan.
Pertsonaiak
Mari. Jainkosa nagusia da, Anderea eta Dama ere deitzen zaiona. Euskal mendietan bizi da, eta bizitokirik garrantzitsuena Anbotoko leize bat du: Mariren koba. Mari Ama Lurraren irudikapena da, Eguzki eta Ilazki ahizpen ama, naturaren eta bertako elementu guztien erregina. Sorginak dira haren gurtzaileak.
Galtxagorriak (LH1). Euskal iratxoak dira: izaki ttipiak, langile porrokatuak, behargin nekaezin eta tematiak, gizakiei beren lan harrigarrietan laguntzen dieten ahaide txiki-txikiak. Praka gorriak dituzte soinean, eta orraztokian ezkutatzen dira.
Gauargi (LH2). Gaueko argia da, iratxo onbera, gizakien laguna. Gauean norbait ezlekuren batean galduta ibiliz gero, etxera itzultzeko bidea aurkitu ezinik eta noraezean, Gauargi agertuko zaio, kriseilu bat eskuan, itzulbidea erakusteko.
Lamiak (LH3 eta LH4). Gerritik gora emakumezkoak dira, baina ahate oinak dituzte. Erreka bazter eta urmaeletan bizi dira, zirripa gardenetan, eta ilea urrezko orraziz orrazten dute ispiluari begira.
Sorginak (LH5 eta LH6). Mariren borondatearen gauzatzaileak, izaki miragarri bezain mitikoak. Ele txar eta irainak gorabehera, emakume hauek natura ederki ezagutzen duten pertsonak baino ez dira.
Akerbeltz. Lur barruan bizi den eta morroi asko dituen erdi gizaki erdi akerra da, larrua ikatza bezain beltza du. Hala agertzen zaie deabrua sorginei, akelarretako zuzendari.
Jentilak (DBH1 eta DBH2). Kristautasunaren aurreko euskal herritar paganoak dira, erraldoiak eta indartsuak. Indar basa dutenez, etsaien aurka dihardute haitz ikaragarriak hara-hona jaurtiz.